Albisteak
Matrikulazio aldia zabalik Euskal Kulturgintzaren Transmisioko ikastaroaren laugarren ediziorako

2012ko ekainaren 1etik irailaren 30era zabalik dago izena emateko epea Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren 4. edizioan.
Aurreko hiru edizioetako emaitzak gogoan izanik, EKTren laugarren edizioari honako ezaugarri bereziok jarri dizkiote:
1. Ezagutza bildu
- Jaiotzatiko euskaldun ez direnak euskal kulturgintzari egiten ari zaizkion ekarpen anitzari.
- Euskal kuturgintzaren baitako jarduera esparruak ekosistema gisara irudikatzeari eta horietako bakoitzean (literatura, kantagintza, antzerkia, hedabideak,…) transmisioa, sustapena eta jakintza zein nola garatu (ahal) diren aztertzeari.
- Euskal Herriaren luze-zabalean gertuko komunitatean euskal kulturgintza suspertze aldera egiten diren ekimen aberatsei. Alegia, gune soziolinguistiko erdaldunduenetan ere ernetzen diren dinamikei erreparatu nahi diete gertuagotik.
- Azken 50 urteotan bizi izandakoaz gogoeta egiteari. Lehen pertsonan eragile izan direnen iritziak biltzeari, alderatzeari, aurrera begirako adostasunetan bat egiteari.
2. Ezagutza sortu
EKTn jasotakoa aberastu egin ohi da Sorguneak ikertegiaren bidez garatutako ikerketetan. Era berean, ikerketetan ageri diren desafioak ekarri egin ohi dira EKTra, horiei buruz iritziak jaso eta ekarpenak egiten jarraitzeko.
3. Ezagutza transmititu
HUHEZIko kideok izango dira aurreko edizioetan bildutako uztaren berri emango dutenak. Ikasgelan bertan zein nork bere bidetik sakontzen jarraitzeko bideak zabalduko dira. Ikasleen kezkei eta praktika moduei argi egiteko helburua, azken finean.
Aditu, aritu eta ikasleen arteko hartu-emanaren berri ematen jarraituko da euskal hedabideetan. Izan ere, orain arte bezala: “Herri jakintza nahi dugu, eta jakintza herriarentzat nahi”.
Elkar aberasten joango den gurpil birtuosoa osatzen jarraitu nahi dute: ezagutza biltzea, sortzea eta transmititzea… izaten eta ekiten jarraitu ahal izateko.
Irakasle arituko diren aditu-arituen zerrenda, landuko dituzten gaien arabera sailkatuta:
- Euskal Kulturgintza gerra ostean: aitzindariak. Paulo Iztueta, Larraitz Ariznabarreta.
- Gogoeta iragan hurbilaz: irakaspenak. Mari Karmen Garmendia, Jose Agustin Arrieta, Josune Ariztondo, Jose Mari Iriondo, Jose Angel Irigarai.
- Euskal kulturgintzaren ekosistemak. Andoni Sagarna, Josean Muñoz, Laura Mintegi, Josu Zabala, Mikel Irizar, Ramon Agirre, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi.
- Testigantzak. Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Asisko Urmeneta, Anari Alberdi.
- Euskal kulturgintzaren berogailuak gertuko komunitatean. Oihane Perea, Joseba Altube, Patrick Quéheille, Maite Davant, Amets Arzallus, Mattin Irigoien, Maider Elkoro, Sagrario Aleman, Amaia Almirall.
- Transmisioa irakaskuntzan. Petra Elser, Olatz Zugasti, Isa Isazelaia, Idurre Alonso, Iban del Campo, Arantza Ozaeta.
- Sorguneak: formazio teorikoa eta aurreko edizioetako transmisioa. Lorea Agirre, Julen Arexolaleiba, Andoni Eizagirre, Nekane Goikoetxea, Jon Sarasua, Iñaki Urruzola.
Informazio gehiago behar izanez gero, begiratu web orrian edo idatzi "kulturgintza abildua mondragon.edu" e-postara.
