Albisteak
Herrialde elebidunak Europan

Zazpi dira beren konstituzioetan ofizialki elebidun deklaratzen diren europar estatuak. Eredu horietan, estatutu ofiziala dute bi (edo hiru) hizkuntzak estatuko lurralde osoan zehar. Beraz, ez ditugu barne hartzen lurraldekako ofizialtasuna aukeratu duten herrialdeak, tartean, Suitza, Belgika edo Bosnia-Herzegovina. Horietan hizkuntza bat baino gehiago onartzen da baina bakoitza herrialdeko zonalde batean. Ez dira barne hartu, ezta ere, estatu osorako hizkuntza ofizialarekin batera hizkuntza koofizialak aitortzen dituztenak, baina bakarrik autonomia-entitate jakinen lurralde-eremuan. Hori Espainia, Italia, Errusia, Ukraina, Moldavia, Erresuma Batua, Georgia eta Danimarkaren kasua litzateke, Europako Kontseiluko kide diren herrialdeen barruan.
Lurralde osoan hizkuntza ofizial bat baino gehiago duten europar herrialdeak Irlanda, Finlandia, Luxenburgo, Malta, Txipre, Kosovo eta Bielorrusia dira. Zortzigarren herrialde batek, Norvegiak, hizkuntza ofizialaren bi bertsio ezberdin (bokmala, gehiengoarena, eta nynorska, gutxiengoarena) onartzen ditu.
Irlandar Errepublikak independentzia lortu zuenetik Irlandako gaelikoa sartu zuen Konstituzioan hizkuntza nazional edo lehen hizkuntza ofizial gisa, eta ingelesa bigarren hizkuntza ofiziala deklaratu zuen. Praktikan, ingelesa da hizkuntza nagusia ia gizarte- eta erakunde-esparru guztietan, eta gaelikoa herrialdearen mendebaldeko biztanle gutxiko eskualde jakin batzuetako eragin-eremura murrizten da. Desoreka oso handia bada ere, Irlandan biak dira hizkuntza ofizialak, eta hori irlanderak, ingelesaren aldean, Irlandako herriaren imaginario kolektiborako duen balio sinboliko eta identitario handiaren ondorio da, zalantzarik gabe.
Finlandian, berriz, suediera eta finlandiera dira hizkuntza ofizialak. Finlandian suedieraz hitz egiten duen gutxiengoa hiritarren % 6 eskasera mugatzen da. Hala ere, suediera hizkuntza garrantzitsua izan da beti Finlandiako historian, Suediak, mendeetan zehar, herrialdea menderatu baitzuen. Suedieraren presentzia, halaber, mendebaldeko eskandinaviar bizilagunengandik gertuago egoteko balio izan zaio Finlandiari, bereziki Gerra Hotzean zehar, urruntzen zituzten arrazoi eta interes kultural eta geopolitikoak medio.
Mediterraneoko bi estatu uhartetarrak ere elebidunak dira ofizialki. Maltako Konstituzioak maltera (arabieraren ahaidea) zein ingelesa (hizkuntza koloniala) izendatzen ditu herrialdeko hizkuntza ofizial. Txipren, bere aldetik, greziera eta turkiera dira ofizialak. Ofizialtasun hori erreala baino teorikoa izan da, irla bitan banatu zenetik hizkuntza bakoitza herrialdeko zonalde baten baita nagusi.
Europan ofizialki hiru eleduna den herrialde bakarra Luxenburgo da. Dukerri txiki hau, egiazki, hizkuntza-eremu germaniarrekoa da, baina bertan frantsesa izan da mendeetan zehar eragin-hizkuntza kultural eta politikoa. Hori dela eta, bertako Hizkuntzen Legeak frantsesaren, nahiz aleman estandarraren, zein germaniar hizkuntza-taldeko letzburger tokiko aldagaiaren ofizialtasuna onartzen du.
Europaren ekialdean, Bielorrusiak maila berean jartzen ditu bere Konstituzioan errusiera eta bielorrusiera. Egia esan, Konstituzioaren egungo idazketa 1995eko maiatzaren 14ean erreferendum bidez onartutako aldaketaren ondorio da; horretan errusiera eta bielorrusiera maila berean jartzea erabaki zen, aldeko botoen % 88ko gehiengoarekin. Letonian, errusiera letonierarekin batera ofizial egiteko antzeko ekimen batean, ordea, aurka azaldu ziren herritarrak 2012ko otsailaren 18an egin zen erreferendum batean, botoen % 75 errusiera bigarren hizkuntza ofizial izendatzearen aurkakoa izan baitzen.
Azkenik, Europako herrialde elebidun ofizial berriena Kosovoko Errepublika da, bere Konstituzio gazteak albaniera eta serbiera izendatzen ditu ofizial, ipar-ekialdean bizi den azken etnia horren gutxiengoa aintzakotzat hartuta.
Eduardo J. Ruiz Vieytez
Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria Deustuko Unibertsitatean
