euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Udalekin elkarlanean

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2012-05-25 / 14:46

Udalekin elkarlanean

uema_kontseilua.jpg

Gipuzkoa lurralde euskalduna da eta euskaraz bizi nahi du. Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin nahi du herrialdearen errealitate soziolinguistiko horrekin, bai bere hizkuntza jardueretan, bai euskara sustatzeko egindako ekimenetan.

Foru Aldundiak euskaraz bizitzeko eskubidearen alde egin nahi du, gure hizkuntzari lehentasuna emanda eta euskaraz bizi ahal izatea bermatuta. Ildo horretatik, gipuzkoarrei Aldundiarekin euskara hutsezko harremana izateko aukera eman diegu, eta 2015erako Foru Aldundiak zerbitzu guzti-guztiak euskaraz eskaintzeko konpromisoa hartu dugu.

Gaur beste pauso bat eman nahi dugu, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin zein Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin hitzarmen bana sinatu nahi dugu, helburu nagusi batekin: herri euskaldunak, euskaldun kopuru handia dutenak, babestea,

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat egitarau ditu abian udalekin batera, hizkuntza normalizazio dinamika bizkortzeko. Udal<>ekin proiektua, adibidez, nabarmentzeko modukoa da, euskara teknikariei prestakuntza jasotzeko aukera ematen dielako eta elkarlanerako bideak ireki dituelako. Egitasmo horren haritik, Aldundiak eta Gipuzkoako udalek hainbat egitasmo garatuko dituzte elkarrekin. Lanketa horretan arreta berezia eskainiko zaie euskaldun asko dituzten udalerriei; horietako batzuk UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak dira.

UEMAk herri euskaldun horien zati esanguratsu bat hartzen du. Guztira, 60 udalerri dira, eta haietatik, 34 Gipuzkoan daude. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ustez, UEMAk garrantzi handiko eginkizuna betetzen du euskararen normalizazio prozesuan, mankomunitatea osatzen duten herriak arnasguneak direlako gure hizkuntzarentzat.

Gainera, euskaraz bizi diren udalerriak onuragarriak dira gure hirientzat eta Euskal Herri osoarentzat ere, euskara hain zabalduta ez dagoen tokientzat eredu eta arnasa direlako. Babes berezia behar dute, beraz.

Aldundiak garrantzi berezi hori aitortu nahi dio gaur UEMAri. Izan ere, bertako udalerriak gai izan dira egiturak, egitasmoak eta baliabideak eskaintzeko, euskarari funtzio guztiekin eusteko asmoz.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta UEMAk bide luzea egina dute elkar harturik. Besteak beste, lehen aipatutako Udal<>ekin programaren bitartez. Baina, gaur, elkarlan hori sakondu eta aberastu nahi dugu. Ildo horretatik, bi erakundeok ondorengo eginkizunetan elkarrekin jardutea hitzartuko dugu:

  • Lehenik, Foru Aldundiak UEMAko bazkideei euskara planak garatzeko emandako laguntza eskaintzen jarraituko du.
  • Bigarrenik, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharreko zenbait xedapen-testu gaztelaniara itzultzeko zerbitzua ematen jarraituko du.
  • Eta hirugarrenik, herri erakundeen egitasmoek udalerri euskaldunetako euskararen egoeran izan dezaketen eragina neurtzeko eta balizko kalteak murrizteko, Foru Aldundiak neurri zuzentzaileak proposatuko dituen arau egitasmo bat zehaztuko du, lankidetzan, eta bakoitzak bere eraginpeko esparruetan ezarriko du.

Lankidetza hitzarmen honen haritik, UEMAri 59.000 euro emango dizkio Foru Aldundiak.

Ildo beretik doa Foru Aldundiak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin sinatu behar duen hitzarmena. Foru Aldundiak lehentasunezkotzat jotzen du euskalgintzako eragileekiko lankidetza. Eta garrantzi berezia aitortu nahi dio euskarazko guneak babesteari begira Kontseiluak egiten duen lan oparoari. Nabarmentzekoa iruditzen zaigu euskararen normalizazioa lortzeari begira, udalen hizkuntza-politikak zehazteko Kontseiluak egindako lana.

Lehen esan bezala, 2011-2015 legealdian, Gipuzkoako Foru Aldundiak arreta berezia eskainiko dio euskara nagusi duten guneak zaintzeari. Ildo horretatik, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin batera, dinamika koordinatu bat jarriko du abian, arnasguneetako eta euskalgintzako kideen artean, gune horien garrantzia jendarteratzeko, eta arnasgune horiek egituratzeko.

Lankidetza hitzarmen honen haritik, Kontseiluari 15.000 euro emango dizkio Foru Aldundiak.

Argibide gehiago:
Gipuzkoako Foru Aldundiak UEMArekin eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluarekin hitzarmena izenpetzeko ekitaldiaren bideoa


Martin Garitano
Gipuzkoako diputatu nagusia