euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Udaltop topaketak aurkeztu dira

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2012-02-16 / 08:31

Udaltop topaketak aurkeztu dira

udaltop_2012.jpg

Udaletako euskara teknikarien 2012ko jardunaldien gaia izango da "Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo". Herri erakundeen hizkuntza politikak behar duen zentraltasuna aztertzeko saio bat izango da.

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen IV. Topaketak aurkezteko ekitaldian izan dira Boris Nogales (Lasarte-Oriako Udala), Zigor Etxeburua (Gipuzkoako Foru Aldundia), Patxi Martinez de Marigorta (Eusko Jaurlaritza, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Andoni Busquet (Basauriko alkatea, Eudel), eta Imanol Miner (Kutxabank).

Andoni Busquetek adierazi du herri erakundeek euskararen erabilera soziala sustatzeko aurrera daramaten politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea komenigarria dela. "Aurtengo gaiak, gure baitara begira jartzen gaitu udalok, gure barruko historiara begira: nondik gatozen, nola gauden... Erronka handia dugu aurretik", nabarmendu du.

Patxi Martinez de Marigortak adierazi du euskararen aldeko politika zehar-lerro bat izan behar dela: "Hizkuntza-politika zehar-lerro bezala ulertu behar da: erakunde osoari dagokio, baita gizarte osoari ere, ez bakarrik sail edo zerbitzu jakin bati". Euskara hizkuntza bizi bat dela nabarmendu du Marigortak, ez dela itzulgai hutsa. "Elebitasuna bermatu behar da, baina ez ezinbestean itzulpenez bakarrik baliatuta. Bestalde, elebitasun hartzailea ere azpimarragarria da. Euskal herritar askok ez dute euskaraz hitz egiten, baina badakite ulertzeko adina; gaztelaniaz egiten diren elkarrizketa asko, beraz, bi hizkuntzetan izan litezke, nor bere aukerako hizkuntzan mintzatuta. Hori Euskal Herrian ez da maiz gertatzen, bai ordea, Katalunian", adierazi du.

Boris Nogalesek adierazi du, Lasarte-Oriako udalaren izenean, herriarentzat onuragarria dela halako jardunaldiak bertan antolatzea, eta udala prest dagoela, hemendik aurrera ere, bide horri jarraitzeko.

Kutxabank-eko Imanol Minerren hitzetan, "finantza eremuan zailtasun giro batean dihardugun arren, Kutxabank, lehenago Kutxak erakutsitako bidetik, aurreko elkarlanei eta garaiko erronkei egoki erantzuten ahalegintzen ari da, Kutxa Fundazioaren bitartez".

Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusi Zigor Etxeburuak hizkuntza politikaren zentraltasunaren beharra aipatu du, Aldundiaren esperientzietan oinarri harturik. Bere hitzetan, "Euskararen erabilera soziala suspertu nahi badugu, ez da aski politika sektorial egoki bat antolatzea. Hizkuntzak izan behar du kudeaketa publikoaren osagaietako bat. Ezinbestekoa da erakunde publikoaren eskumeneko eginkizun guztietan euskararen erabilera indartzea, areago, eginkizun horiek guztiak euskaraz egitea".

Udaltop 2012

Udaltop topaketen laugarren edizioa 2012ko martxoaren 22an eta 23an izango da. Aurten landuko den gaia izango da "Nolakoa da gure (udalaren) hizkuntza-politika? Begiratu, mesedez, euskara sailetik kanpo".

Egitarauan, nabarmentzekoa da Euskal Herriko hizlariez gain, kanpokoak ere izango direla. Bernat Joan i Mari hizkuntzalariak Autocentramiento y política lingüística: normalizacion y actitudes mintzaldia egingo du. Horrez gain, Hernaniko alkate Luis Intxauspek, Pasaiako alkate Amaia Agirregabiriak, eta Berriozarko alkate Xabier Lasak norberaren udaletako esperientzien berri emango dute.

Azoka eta erakusketa ere izango dira, Iaz hasitako bideari jarraituz, Manuel Lekuona Kultur Etxean, topaketaren bi egunetan. Erakusketan, zenbait udalek euskararen erabilera sustatzeko landutako esperientzien berri emango dute. Azokan, berriz, sei enpresa, elkarte eta erakunde izango dira, beren zerbitzuak aurkezten.

Argibide gehiago topaketaren egitarauaz eta izen-emateaz:
www.udaltop.com