Albisteak
Arrakasta handia izan dute Euskararen Egunean antolatutako mintzodromoek

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta zazpi udalek Gipuzkoa berriketan ekimena aurkeztu genuen elkar hartuta, herritarron gogoa indartu, euskaraz bizitzeko jarrerak sustatu eta euskararen erabilera kalera eramateko. Ekimen horren barruan Mintzodromoak izan dira herrietan bai Euskararen Egunean, bai bezperan.
Mintzodromoak euskaraz egiteko guneak dira: herritarrak –euskaldunak, euskara ikasleak...– elkartu egiten dira, toki publiko batean, eta euskaraz egiten dute, gai jakin batzuk hizpide hartuta. Helburua, beraz, garbia da: euskara plazara eramatea.
Aurten, lehendabiziko aldiz, Aldundiak sei mintzodromoren antolaketan hartu du parte Donostia, Eibar, Irun, Lasarte-Oria, Tolosa, Urretxu eta Zumarragako udalekin batera.
Horrezaz gain, Beasaingo Udala ere animatu da eta mintzodromoa antolatuko du abenduaren 17an. Bi txanda egingo dituzte egun horretan, arratsaldeko 17:00etan eta 18:00etan. Horretarako, karpa bat egokituko dute Gernika pasealekuan.
Oro har, esan daiteke, oso esperientzia arrakastatsua izan dela; izan ere 2.000 herritarretik gora hartu baitute parte mintzodromo horietan eta guztietan giroa ezin hobea izan baita.
Prentsan ere oihartzun zabala izan dute lurraldean zehar antolatutako mintzodromoek, esaterako Berrian, Diario Vascon, Noticias de Gipuzkoan edo Garan.
Errepikatzeko moduko esperientziatzat jo dute gurekin lanean jardun duten eragile guztiek.
