Albisteak
Zigor Etxeburua, Euskarako zuzendari berria

Zigor Etxeburua Urbizu donostiarra izendatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskarako zuzendari nagusi.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitura berrian, diputatu nagusiaren alorraren barruan egongo da Zigor Etxeburuaren ardura izango den Euskara Zuzendaritza Nagusia.
Donostiako Altzan jaio zen 1970ean, eta bertan bizi da gaur egun. Ikasketaz, Euskalduntze eta Alfabetatzean unibertsitate berezilaria da (EHU 1999). Bi alaba ditu.
Aldundian ardura hau hartu aurretik, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluan aritu da (2001-2011), Bai Euskarari Akordioa Herrietan eta Euskaraz Bai dinamika herrietan egitasmoen arduradun gisa. Ildo beretik, Euskalgintzaren Mapa sortu eta kudeatzeko ardura izan du.
Horrez gain, Donostiako Udalaren Euskararen Plan Orokorraren auditoriaren ardura izan du, 2001-2008 urteen artean. Donostiako Euskara Aholku Batzordeko eta Batzorde Iraunkorreko kide izan da, 2007-2010 bitarte.
Aurretik, AEKn aritu zen irakasle eta didaktika arduretan, Donostiako eta Gipuzkoako didaktika taldeetan, 1994-2001 bitarte. Horren haritik, Montevideon (Uruguay) euskalduntze ikastaro trinkoa antolatu zuen, Euskal Erria euskal etxean, 1999ko irailean.
Kazetaritza lanetan aritu izan da, zutabegile Irutxuloko Hitzan (2005-2011), eta musika-kritikak eginez Egin eta El Diario Vasco egunkarietan, 1991-1995 bitarte. Haurren aisialdiko ekintzetan ere maiz parte hartu izan du.
Albiste honi lotutako jakingarriak:
- 2011ko ekainaren 30eko 4/2011 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko departamentuak eta horiei dagozkien jarduera esparruak eta eginkizunak finkatzekoa (aldaketa: 2011ko uztailaren 19ko 6/11 Foru Dekretua).
- 2011ko ekainaren 30eko 5/11 Foru Dekretua, foru diputatuak nahiz diputatu nagusiordeak izendatzekoa, eta Diputatuen Kontseiluko Idazkaritza hautatzekoa
- 2011ko uztailaren 19ko 24/11 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundiko oinarrizko departamentu egiturari buruzkoa
- 2011ko uztailaren 19ko 27/11 Foru Dekretua, Euskarako zuzendari nagusia izendatzekoa
