Albisteak
Tamilera Klasikoaren Munduko Biltzarrak antzinako hizkuntzaren etorkizuneko agenda finkatu du

Montzoiak ekainean Asiako azpikontinenteko hego konoa ukitu zuen unean, Coimbatorek bestelako itxura zeukan. Literatura, kultura eta arte jaialdi bateko doinuen erritmoan ahopeka kantatuz eta 50 herrialdetako 3.000 ordezkari izatearekin pozaren pozez zegoen Asian puntako teknologian Indiako industria indartsu gisa ezagutzen den Tamil Nadu hiria. Tamilera Klasikoaren Munduko Biltzarraren (World Classical Tamil Conference) egoitza bilakatu zen eta tamilerak duen bakartasun berezia aurkeztu zen.
2004az geroztik egindako nazioarteko lehen topaketa garrantzitsua izan zen. Urte hartan, Indiako Gobernu Zentralak munduan hitz egiten diren hizkuntzen artean literaturarik zaharrena duenari, tamilerari, "hizkuntza klasikoaren" estatusa eman zion. Biltzarra kultura eta arte adierazpenaren erakusgarri bilakatu zen, eta hainbat pertsona ospetsuk parte hartu zuten, besteak beste, Bollywoodeko (Mumbaien, lehen Bombay zenean, oinarritutako zinema indiarraren industria) ospetsu batzuk eta ospe intelektual paregabea duten akademikoak.
A. R. Rahman Oscar sariaren irabazlearen musikak eta Rajiv Menon zinema zuzendariaren ikus-efektuek hiria zeharkatu zuten kamioien gainean jarritako pantaila erraldoien bidez. Biltzarrean, lehenik eta behin, Asko Parpola hizkuntza dravidiarren ikertzaile finlandiarrari omenaldia egin zitzaion. Ikerlari horren arabera, antzinako tamilera Indo Haranaren inskripzioen misterioak ezagutzeko ibilbide linguistikoa da. Azoka kultural aldakorrak Dalit idazleen (lehen "ukiezinak" bezala ezagunak) eta emakumezko idazleen eragina, eta existentzialismo modernoak literatura tamilean duen eragina bezalako topikoei buruz eztabaidatuz jarraitu zuen.
Halaber, Tamilera Klasikoaren Munduko Biltzarrak narrazioaren sustraiak eta tradizio poetiko indigenak babesteko behar bikoitza agerian utzi zuen. Era berean, tamileran egindako emanaldi artistiko eta kulturalen banaketa areagotzeko aukera azpimarratu zuen biltzarrak. Helburua, gaur egungo sentsibilitateak artikulatzea da bizitzaren jarraibideek gizarte, ekonomia, arraza eta erlijioari dagozkion muga tradizionalak gainditzen dituzten globalizazio-garai honetan.
Hala ere, Tamilera Klasikoaren Munduko Biltzarrak eztabaida politikoa ere ahalbidetu zuen. Tokiko kritikariek nabarmendu zutenez, konferentziak 68 milioi euro baino gehiagoko kostu izugarria izan zuen eta Sri Lankan Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreen (LTTE) porrota eta urtebete beranduago antolatu zen. Ahots kritiko horien arabera, dataren aukeraketa ez zen kasualitatea izan. Izan ere, Tamil Nadun oposizioko alderdiek M. Karunanidhi Tamil Naduko gobernuko presidenteari eraso egin zioten garaian pentsatu zen biltzarra. Ondoko uharteko estatuan gerra amaitu ondoren Sri Lankako tamil biztanleak salbatzeko nahikoa ez zuela egin aurpegiratu zioten orduan alderdiek. Biltzarraren helburu nagusia, etorkizun hurbilerako aurreikusitako Tamil Naduko legebiltzarreko batzordearen hauteskundeen aurrean, gobernuko alderdiko burua tamil auziaren eta tamileraren garaile gisa aurkeztea zela azpimarratu zuten behatzaileek.
Tamilera defendatzeko orduan harrotasun zintzoaren eta oportunismo politikoaren ondorioz, sanskritoa baino zaharragoa den hizkuntza baten iraganeko eta oraingo lorpenak proiektatzeko eta bi testuingurutan, Indiari dagokionean eta mundu globalizatuari dagokionean, helburu berriei ekiteko bitarteko bilakatu da Tamileraren Munduko Biltzarra. M. Karunanidhi lehen ministroak tamilera Delhin dagoen Indiako Batasuneko Gobernuko eta Madrasko Auzitegi Goreneko hizkuntza ofizial izendatzea eskatu zuen. Halaber, tamilera hizkuntza ezagutzen duten guztiek Tamil Nadun enplegurako lehentasuna izan beharko luketela esan zuen Tamil Naduko lehen ministroak.
Robert Scarcia
Kazetaria
