euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Jose Antonio Loidi euskarazko ikerketa bekaren 10. edizioa deitu du Irungo Udalak

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2010-08-09 / 13:21

Jose Antonio Loidi euskarazko ikerketa bekaren 10. edizioa deitu du Irungo Udalak

C:\NEKANE\BESTEAK\loid-330.jpg

Hamar urte beteko ditu aurten Irungo Udalak Jose Antonio Loidiren omenez deitzen duen ikerketa bekak. Ikerketa suspertu eta bultzatu nahi du hainbat esparrutan bekak (antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanika) eta ikerketa zientifikoa zabaldu euskaraz, Jose Antonio Loidik hainbeste maite eta sustatu zuen hizkuntzaz.

Jose Antonio Loidi Bizkarrondo (Errenteria, 1916-Irun, 1999), 1942an botikari ikasketak amaitu zituen eta urtebete beranduago lortu zuen plaza Irunen. Besteren artean, Irungo etxeetako ur edangarria aztertzeko ardura egokitu zitzaion eta seguruenik horrek eta bere jakinmin ase ezinak hidrologiaren inguruko hainbat ikerketa egin eta argitaratzea bultzatu zuen. Ez zen jorratu zuen zientzia arlo bakarra. Antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa eta botanikan ere ikerketak egin zituen.

Lan zientifikoak denbora tarte nahikoa uzten zioenean idazluma dantzatu eta ipuinak eta artikuluak idazten zituen euskal literatura eta zientzia aldizkarietarako (Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, La Voz de Euskadi, Uranzu, Bidasoan...).

Jose Antonio Loidi, euskaltzalea, Irungo Ikastolaren sortze lanetan eta Guda Zibilaren ondorengo lehenengo Euskal Jaien (1966) antolakuntza lanetan ere aurkituko dugu.

1955ean, Jose Antonio Loidik lehen euskal eleberri poliziakoa idatzi zuen, “Amabost egun Urgainen”, euskara hutsean. Garai hartako egoera politikoa, kulturala eta soziala kontuan izanda, meritu izugarria. Eleberri horri esker, Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen eta euskaratik katalanierara itzulitako lehenengo eleberria izan zen. 1957an Euskaltzaindiak euskaltzain izendatu zuen.

Adopzioz eta bihotzez Bidasotarra zen Jose Antonio Loidik egin zuen ekarpenik Bidasoaldean. Izan ere, Bidasoa ibaiaren inguruko toponimiaz idatzi baitzuen.

1999ko uztailaren 9an zendu zen Irunen, berak sortutako Luis de Uranzu Kultur Elkartearen ohorezko presidente zelarik. Irungo Udalak, 1999an, Jose Antonio LOIDI IKERKETA BEKA sortzea erabaki zuen eta, aurten, 10 edizioa deitu du.

Bekarako proposamenak aurkezteko epea zabalik egongo da 2010eko irailaren 6tik 24ra arte.

Bekari buruzko xehetasunak Irungo Udalaren Euskara Arloaren atarian jaso daitezke(www.irun.org/euskara), 943 50 52 72 telefono zenbakian edota Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.