Albisteak
Hizkuntza ahulen babesaren aurrean zenbait paradoxa: etsaia kanpoan ala barruan?

Azken hamarkadan, Kanada sarri izan dugu hizpide mundu akademikoan nahiz politikoan. Askorentzat, Kanada ikasbide izan beharko genuke hainbat alorretan. Horietako bat dugu, gizartean «bestelakotasuna» onartzeko eta babesteko ipar Ameriketako herrialde hartan jorratu duten bidea.
Eremu horretan, zenbait gertakari aipagarriren berri izan dugu azken hilabeteetan, hausnarketa egiteko gai -eta aitzakia- erabiliko ditudan gertaerak. Paradoxaz jantzita datozkigunez, bereziki pizgarriak irizten diet eta pentsarazi beharko ligukete etorkizunak ekarriko dizkigun hainbat arazoz.
Quebec-en frantsesa da hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta ingeles-hiztun diren gutxiei ere bermatzen zaien haien hizkuntza erabiltzeko eskubidea, baldintza batzuk betetzen badituzte. Hezkuntza arloari dagokionez, horrek esan nahi du eskola publikoetan nahiz diru laguntza publikoak jasotzen dituzten eskoletan ikasten duten haurrek frantsesez ikasi behar dutela, nahitaez. Halako eskoletan ingelesez ikasteko eskubidea duten haur bakarrak Kanadan hezkuntzaren zatirik handiena ingelesez egin duten gurasoen seme-alabak dira, baita aurrez egindako ikasketetan baldintza bera betetzen duten haurrak ere. Halako egoeretan ez daudenek ingelesez ikasi nahi badute, diru laguntza publikorik jasotzen ez duten eskola pribatuetan egin beharko dute.
Gauzak horrela, asko dira legearen zirrikituen bila ibili direnak, haien haurrek ingelesez ikas dezaten nahi baitute, baina eskola pribatua ordaindu gabe. Horrela sortu dira «zubi-eskolak» (bridging schools/ écoles passarelles) deitu direnak: gurasoek haurra hezkuntza ingelesez eskaintzen duen eskola pribatu batera daramate baina eskolaurrea egiteko bakarrik. Gero, haurra eskola publiko edo diru laguntza publikoak jasotzen dituen eskola batera aldatu eta hezkuntza ingelesez egiteko eskubidea eskatzen dute, haurrak ingelesez egin baitu ordura arte Kanadan betetako hezkuntza osoa.
Jokabide hori eragotzi nahian aldatu zuen, Quebec-eko Parlamentuak, Assemblée Nationalek, Charte de la langue française (Frantses hizkuntzaren karta), 101. Lege ospetsua. Araubide berriaren arabera, ingelesez ikasteko eskubidea baliatu nahi izatekotan, ez da kontuan hartuko diru laguntza publikorik hartzen ez duten eskola pribatuetan ingelesez egindako ibilbidea.
Guraso batzuek legean ezarritakoaren aurkako eskabidea aurkeztu zuten auzitegietan, uste baitzuten Konstituzioaren kontrakoa zela eta haien eskubideak urratzen zituela.
Iazko urriaren 22an, Auzitegi Gorenak Nguyen v. Quebec auziko epaia eman zuen argitara, eta aitortu zien gurasoei araubide berriak haien eskubideak urratzen zituela eta Quebec-eko 101. Legearen artikulu baten bi zatiak Konstituzioaren kontrakoak zirela.
Auzitegi Gorenaren epaiak hautsak harrotu ditu politika arloan. Jasotako kritikak ugari izan dira, kolore guztietakoek, frantses-hiztun nahiz ingeles-hiztun izan, Quebec-ekoak nahiz Quebec-etik kanpokoak izan, argi adierazi nahi izan baitute Quebec-eko frantses-hiztun izaera berezia babestearen alde daudela.
Kontuan izan behar dugu Frantses Hizkuntzaren Legea Quebec-eko izaera berezia itxuratu duen lege garrantzitsuenetakoa dela, probintzia hartan aurreko mendearen 60. hamarkadan gertatutako iraultza barearen ikurrik handiena. Horregatik, probintzia frantses-hiztunaren izaera berezia gorde -eta indartu- nahi dutenek sentiberatasun aparta erakutsi ohi dute lege horrekin lotuta dagoen guztiarekin. Eta inork ez du horren aurka agertu nahi.
Bide horretan, urriaren 28an, epaia argitaratu eta astebete oraindik igaro ez zenean, eztabaida eragingarri eta adierazgarria izan zen Kanadako Parlamentu Federaleko Beheko Ganberan. NDP alderdiak, Alderdi Demokratiko Berriak, mozio bat aurkeztu zuen epaiak sortutako egoerari aurre egiteko. Mozioan eskatzen zioten Ganberari aldarrika zezala Quebec-eko jendeak nazio bat osatzen dutela adierazi izanak -Ganberak jada egina duen gisan- esan nahi duela, besteak beste, Quebec-eko probintziak eskubidea duela bermatzeko etorkinek, lehenbizi eta guztiaren aurretik, frantsesa ikasi behar dutela. Eztabaida sakon baten ondoren, mozioa aho batez onetsi zen. Kanada osoko diputatu guztiak mozioaren alde.
Baten batek uste dezakeenaren kontra, mozioa bultzatu zutenak ez ziren Quebec-eko soberanistak izan, Quebec-en hautatutako diputatu ingeles-hiztunak baizik; eta protagonismo guztiz adierazgarria izan zuten mozioaren aldeko mintzaldietan. Zer gertatu zen?
Salbuespenak salbuespen, nekez aurkituko ditugu ingeles-hiztunen artean frantsesaren aldeko hizkuntza bakarreko politikaren kontrako etsaiak, beti ere, haien hizkuntza erabiltzeko eskubidea bermatuta badute, egun gertatzen den gisan. Ingeles-hiztunak ohartzen ari dira aberasgarri dutela frantsesa ere ikastea eta ez dute inolako arazorik Quebec-era iristen diren etorkinei lehenbizi frantsesa ikasteko beharra ezartzen bazaie.
Frantsesa ezartzearen aldeko politikaren etsaiak etorkinen artean aurkituko ditugu; baina ez dira bakarrak. Gero eta gehiago dira frantsesez bakarrik eta ezinbestez ikasi behar izatea gogoko ez duten frantses-hiztunak. Frantsesez ikasi nahi dute baina baita ingelesez ere, kaltegarri ikusten baitute, frantsesa babesteagatik, ingelesa ondo menderatzeko aukera alferrik galtzea.
Chantal Hébert frantses-hiztun -eta frantses-zale- kazetari eta iritzi emaile zorrotzak argi sumatu ditu eremu honetan etorkizunak ekarriko dituen gorabeherak. Torontoko The Star egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean (Language law to face foe from within), ondo azaltzen du Quebec-en gertatzen ari dena eta, gero eta gehiago, gertatuko omen dena: frantsesa babesteko bide egokiena frantsesa nahitaez eta bakarrik ezartzea helburu duen politikak izango dituen etsai gogorrenak ez dira agertuko frantses-hiztunen komunitatetik kanpo, baizik eta komunitate horren barruan; hizkuntza politikaren inguruko gatazka, gero eta gehiago, frantses-hiztunen arteko gatazka izango da. Bereziki, soberanistek nahi duten moduan, frantsesez bakarrik ikasi beharra bigarren hezkuntzara hedatzen bada, hezkuntza maila hori baita frantses-hiztun askok ingelesa egoki menderatzeko erabiltzen duen bidea.
Hizkuntza ahulak babesteko politiken aldekoek prestutasuna erakutsi dute, oro har, kanpoko etsaiari aurre egiteko. Orain, erreserba batean itxita bizi nahi ez duten hiztunek plazaratzen dituzten beharrei erantzun egokia ematen asmatu behar dute. Quebec-eko frantses-hiztun komunitateak ingelesak ezartzen dion erronkari aurre egin behar dio. Zorionez, edo zoritxarrez, eremu honetan ingelesarena da duten erronka bakarra. Zorrotzak izan beharko dute arrakasta izan nahi badute. Baina zorrotzagoak izan beharko dugu aurrean egoera korapilatsuagoa dugunok. Alboan dugun -edo ditugun- hizkuntzak indartsuak dira eta horregatik, ezin diegu bizkarra eman gure hizkuntza porrotera eraman nahi ez badugu. Baina, hala ere, horrek ez gaitu salbuesten ingelesak ezartzen digun erronkatik, gurean ez baditu ere Quebec-en dituen ñabardurak.
Alberto López Basaguren
EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna
