Albisteak
Galegoak aurrera egindako bidea etengo du hizkuntza dekretu batek, Queremos Galego-ren arabera

Alberto Núñez Feijóok (PPko kide kontserbadorea) zuzentzen duen Galiziako gobernu berriak, eskoletan galegoaren erabilera murriztuko duen dekretu berria proposatu du. Proposamen horrek Queremos Galego GKE berriak zuzendutako protesta andanarekin egin du topo, tartean, 100.000 pertsona bildu dituen manifestazioarekin, kopuru benetan handia hizkuntza kanpainen batez besteko jarraipenari erreparatuz gero. Queremos Galego Bruselan egon zen duela bi aste nazioarteko laguntza lortzeko eta Europako Parlamentuko gutxiengo nazional, eskualdeetako gutxiengo konstituzional eta eskualdeetako hizkuntzetarako taldearekin nahiz Europar Batzordearekin biltzeko.
Hizkuntza dekretua
Askoren ustez, maiatzean bozkatuko den hizkuntza dekretuak geldiarazi egiten du diktadura amaitu zenetik galegoarekin egin den mailaz-mailako aurrerabidea.
Galegoz ematen diren irakasgaiak % 50etik % 33ra murriztea, ingelesa txertatzea, eta matematika edo zientziak galegoz ematea galaraztea barne hartzen ditu neurriak. Gobernu berriak bete du, bete, hauteskunde kanpainan agindutakoa, izan ere, eskolaurreko irakaskuntza galegoz emateko eskolen sare berria (Galescola) itxi du.
Ezagutzen dugunaz bestelako eleaniztasuna
Bruselan desengainua hartu dute askok, dekretu berriak eleaniztasuna eta europar balioak sustatzen dituela baieztatzean galiziar gobernuak erabilitako kutsu zinikoagatik. Gobernuak adierazi du dekretua eleaniztasunaren aleko dela, ingelesaren erabilera sustatuko duelako, eta hori europar balioekin bat datorrela, pertsonen hizkuntza gaitasunak, eta ondorioz, haien mugikortasuna eta lan aukerak, hobetuko dituelako.
Baina ingelesak ez du sustapen handirik behar eta edozein hizkuntza ikastea, galegoa barne, baliagarria da. Argi dago ez dela Europako Batzordeak sustatzen duen eleaniztasunaren ideia.
Alderantziz, europar balioak ahultzen ditu dekretu berriak. Begien bistakoa da ez duela Europako Kontseiluaren Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna betetzen, Espainiari buruz 2008. urtean egin zuen txostenean galegoaren sustapenean zeuden akatsak nabarmendu baitzituen. Gainera, "hizkuntza aniztasunarekiko errespetuari" buruzko EBren Itunaren klausularen aurkakoa da eta, zehazkiago, Itunean barne hartutako Oinarrizko Eskubideen Gutunaren aurkakoa, hartan adierazten baita debekatuta dagoela bazterkeria hizkuntza arrazoiengatik edo gutxiengo nazionalengatik. Espainiak itun horiek guztiak berretsi ditu. Era berean, Queremos Galegok adierazten duenez, dekretu honek Galiziar Hizkuntzaren Normalkuntzarako Legea ere urratzen du.
Hezkuntzako murgiltze programarik ez
Kezkatu, halaber, galegozko hezkuntzako murgiltze programarik ezak kezkatzen du Queremos Galego erakundea. Hizkuntza plangintzaren eta gutxiengoek erabiltzen dituzten hizkuntzen garapenaren inguruan Europan dauden praktikarik egokienek, xede hizkuntzazko murgiltze hezkuntza barne hartzen dute, adibidez, Euskal Autonomia Elkartean ezarritako D ereduak, edo katalana edo galesa erabiltzen dituzten eskolek. Galizian ez dago horrelako eskolarik eta gobernu berriak galegozko haur eskolen sare berria desegin berri du.
2001eko erroldako ondorengo kopuruek adierazten dute hiztun kopurua nahiko osasungarria dela, baina agerikoa da gazteen artean galegoaren erabilera zertxobait gutxitu dela:
- Adin tartea: 5-9 urte: beti %37,63; batzuetan %47,77; inoiz ez %14,50
- Adin tartea: 10-14 urte: beti %41,46; batzuetan %49,23; inoiz ez %9,30
- Adin tartea: 15-19 urte: beti %44,44; batzuetan %42,27; inoiz ez %13,28
- Adin tartea: 20-24 urte: beti %45,82; batzuetan %37,15; inoiz ez %17,01
- Adin tartea: 25-29 urte: beti %45,01; batzuetan %37,29; inoiz ez %17,69
- Adin tartea: 30-34 urte: beti %47,06; batzuetan %36,00; inoiz ez %16,93
- Adin tartea: 35-39 urte: beti %50,16; batzuetan %33,95; inoiz ez %15,88
- Adin tartea: 40-44 urte: beti %54,43; batzuetan %31,70; inoiz ez %13,85
- Adin tartea: 45-49 urte: beti %57,54; batzuetan %29,85; inoiz ez %12,59
- Adin tartea: 50-54 urte: beti %60,67; batzuetan %27,66; inoiz ez %11,65
- Adin tartea: 55-59 urte: beti %65,08; batzuetan %24,48; inoiz ez %10,43
- Adin tartea: 60-64 urte: beti %69,94; batzuetan %20,61; inoiz ez %9,43
Guztira: beti %56,84; batzuetan %30,29; inoiz ez %12,86
Beraz, joera hori geldiarazteko funtsezkoa da eskolak galegozko hezkuntzara irekitzea.
Hizkuntza lege kaskarra, besterik ez
Aldatu berri den eslovakieraren legea bezala, proposatutako dekretua hizkuntza lege kaltegarria da. Filologoek, hizkuntzalariek eta irakasleek uste dute «ezinezkoa dela» eredu hirueledun hori ezartzea, ingelesa erakusteko gaitutako irakaslerik ez dagoelako. Horien esanetan, praktikan, irakasgaien % 33 ingelesez emateko betekizuna dela eta, irakasleek gaztelania erabiliko dute. Adituek baieztatzen dute praktika txarra dela ingelesa hezkuntza prozesuan beste bi hizkuntza ofizialekin (galegoa eta gaztelania, kasu honetan) batera ezartzea, eta horrek oso modu negatiboan eragingo diola gaur egunera arte galegozko ereduak izandako arrakastari. Hainbat irakasle hasi dira dagoeneko dekretua aplikatzeari uko egiteko sinadurak ematen.
Gainera, dekretuari darion kutsua aurreko administrazioaren aurkako mendekuzko ekintza politiko doilor batena da, eta ez ondo pentsatutako politika batena. Hizkuntza plangintza eta legeak aldaketa politikoen menpe uzteak duen prezioa erakusten du honek, berriz ere.
Davyth Hicks
Eurolang hizkuntza gutxituen agentziako erredaktore burua
