euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Euskararen aldeko politika Ipar Euskal Herrian-Euskararen Erakunde Publikoaren bilakaera

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2010-04-18 / 19:16

Euskararen aldeko politika Ipar Euskal Herrian-Euskararen Erakunde Publikoaren bilakaera

08_eyherabide_brisson.jpg

Duela gutxi Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) bere 2010-2016ko jokabide esparrua eta xedeak aurkeztu ditu. Behin-behinekoak izanik ere, interesgarria da horiek zein diren aztertzea eta, hizkuntza politika horren garapena ebaluatzeko nahian, lehen fasean, 2004tik 2009ra, egin izan den ibilbidea neurtzea.

Hau da ondoko lerroetan egiten saiatuko garena era motzean.

2004-2009: garatu diren egitura eta politika

Euskararen Erakunde Publikoak bide egin du 2004ko abenduan jaio zenetik eta 2006an Hizkuntza Politika Proiektuaren definitzetik eta onarpenetik. Egia da hizkuntza politika publikoa kasik deusetik abiatu zela orduan.

Alor asko jorratu izan dira geroztik eta horren erakusgarri da frantsesez idatzia den egoeraren azterketa: État des lieux provisoire de l'action menée par l'Office Public de la Langue Basque 2005-2009, 2009ko iraila. Landutako alor nagusiena euskararen eskola-irakaskuntza izan da, parekotasun eredu elebidunean eta murgiltze ereduan haurren kopurua azkarki emendatuz, bereziki Lehen Hezkuntzan.

Hizkuntza gaitasuna eskola-ibilbidean nahiz eskolatik kanpo egiaztatzeko hainbat neurri hartu izan dira eta, 2009an adibidez, EGAren baliokidea sortzeko hitzarmena izenpetu zuten EEPk, Université de Pau et des pays de l'Adour eta Université Michel de Montaigne Bordeaux.

EEPk euskara teknikarien sare bat sortu du herri elkargo eta hiri batzuetan, soldaten erdia beregain hartuz. Gaur egun zazpi dira: bost udalerri erkidegotan, bat Baionan eta beste bat Biarritzen.

2005etik 2010era erakundea indartu egin da, nahiz giza baliabideetan bederatzi langileekin, nahiz finantza-baliabideetan. Aurrekontua 3.056.000 eurotara emendatu da 2010ean, iazkoa baino 520.000 euro gehiagotara. Horretan Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren bidez Eusko Jaurlaritzak ekartzen dituen 470.000 euroak zenbatu dira.

Baina hau da beharbada niretzat puntu garrantzitsuena: EEP instituzio publikoen eta euskararen elkarte sustatzaile nagusien bilgune bilakatu da. Jakin behar da ordura arte, 1990eko hamarkada eta 2001eko Euskal Herriko Hitzarmen Berezia arte behintzat, administrazioak orokorrean ez zituela laguntzen edo gutxi laguntzen zituela euskararen alde lan egiten zuten elkarteak, maizenik hizkuntza politika irizpide zehatzik izan gabe.

Elkarte nagusiak (Euskaltzaindia, Seaska, Ikas pedagogia zerbitzua, Uda Leku, Euskal Irratiak, eta abar) bilakatu dira hizkuntza politika publiko berri horren eragileak, eramaten zituzten jarduerak hizkuntza politika egitasmoan sartu direlarik lankidetza-hitzarmenen bitartez.

Bestalde, erakunde publikoak, hezkuntza nazionala eta EEPko partaideak diren lurralde kolektibitateak bederen, politika publiko berri horretan aritzen dira, egitura eta proiektuak finantzatuz, elkarteekin instituzio-lankidetzak gauzatuz EEPren baitan.

«Hizkuntza Politika Proiektua»: hiztun osoak helburua

Hala ere, politika horrek, politika denek bezala, bere mugak eta akatsak ditu. Hona, nire ustez, garrantzitsuenetako bat: hiztun oso nozioa.

Euskararen Erakunde Publikoak 2006ko Hizkuntza Politika Proiektuan esaten duenez, «bete beharreko helburua hiztun osoen kopurua emendatzea da» eta «estrategia belaunaldi gazteengan apustu egitea da». Webgune honetan bertan esana dugu jadanik proiektuaren helburu hori zehaztugabea zela, orokorregia.

Zehaztugabea, galdera horiek erantzunik gabe jarraitzen dutelako: zenbat hiztun oso, zein ehunekotan, zein epetarako?

Gainera hiztun osoaren nozioa ideal bat da Ipar Euskal Herriko kasuan, gauzatuko den errealitatean baino, euskararen gaur egungo egoera honetan hartzen baldin badugu. Halere, ideia huts bat baino helburu bat izan daiteke, epe luzerako xedea. Hiztun osoa izateak inplikatuko luke euskara bizi publikoko alor denetan nahiz bizi pribatukoetan sartzea. Horretarako euskarak egun frantsesak dauzkan erabilera-eremuak eta funtzioak irabazi beharko ditu, edo bederen harekin partekatu beharko ditu. Orduan bai, hori lortuta, euskara alor denetara egokituko den neurrian, euskaraz mintzatzen direnak euskaldun osoak izanen dira.

2010-2016ko xedea: euskararen erabilera indartzea

2009ko abenduan EEPko administrazio kontseiluak behin-behineko ibilbide orri bat adostu zuen 2010-2016 urteetarako, zehaztu eta moldatu daitekeena: Cadre opérationnel provisoire 2010-2016 pour la politique publique linguistique.

Testu honetan bere lehen lau urteetako irakaspena biltzen du EEPk. Ekintzak zein heinetan bete diren aztertzeaz gain, 2005-2009 arteko lehen fase horrek zein irakaspen ekarri dituen aztertzen da. Gogoeta estrategikoa egiten da, teorikoa ez esatearren. Eta hau da ideia gidaria: euskararen transmisioan eragiteaz gain, lehen faseko ezagutzak hizkuntzaren erabilpena sustatu beharko du. «Erabilpenari ez diogu eman behar duen garrantzia eta hizkuntza politika maingu gelditu da», esan zuen prentsaurrekoan EEPko lehendakariak (Berria, 2009-12-17).

Aurrerapen hori gogoetan biziki garrantzitsua da, hizkuntza baten bizi-indarra lehenik erabilpenean neurtzen dela hartzen duelako kontuan eta hizkuntza baten ezagutzak ez duela zertan erabileran eragin aitortzen duelako. Nire aburuz, EEPko Hizkuntza Politika Proiektuaren oinarri teorikoak ahulak edo gutxi landuak izanik ere, aldatu eta hobetu daitezkeela ere erakusten du.

Datozen gogoetek hizkuntzaren erabilpena ahalbidetzen duten baldintzak azaldu beharko dituzte eta helburu horretarako Ipar Euskal Herrian euskararen erabilera-eremuak eta funtzioak zein izan daitezkeen aztertu beharko dituzte.


Jean-Baptiste Battittu Coyos
Hizkuntzalaria