Albisteak
Aldaketaren aurrean beldurra eta interesak

Otsailaren azken ostiralean Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldietan igaro nuen eguna. Aurreiritziak, motibazioak, erabilera, ohitura aldaketak, eta abar izan ziren III. Euskal Soziolinguistika Jardunaldien gai nagusiak. Asteburu horretan bertan, otsailaren 27an eta 28an, usurbildarrek erreferendumean erabaki behar zuten hondakinen atez ateko bilketarekin jarraitu ala ez. Atez ateko bilketarekin urtebetez aritu ondoren, horrela jarraitzea ala lehengo sistemara bueltatzea nahiago zuten esateko erreferenduma izan zen.
Bi gaiak oso arlo desberdinetakoak izan arren, antzekotasun batzuk badituztela jabetu naiz.
Klusterrak antolatutako jardunaldietan entzun ahal izan genuen erdaldunek zer nolako jarrerak eta usteak dituzten euskararekiko. Euskal Herriko Unibertsitateak Unesco Etxearekin elkarlanean egin duen azterlanean adierazi duenez, erdaldun gehienek aldeko jarrera dute euskararekiko: erdiaren ustez, euskara da euskaldunon hizkuntza nagusia eta beste erdiaren ustetan, euskara da euskaldunon hizkuntzetako bat, behintzat. Gehienak daude euskararen alde, euskara normalizatzearen alde, baina Bai, bainakoak ugari dira horien artean. Alde bai, baina zer egiteko prest, alegia?
Hondakinen kudeaketaren gaira bueltatuz, zein ez dago ekologia zaintzearen alde, ahal den gehiena birziklatzearen alde? Baina, zer egiteko prest gaude hala izan dadin? Hori da galdera.
Juan Carlos Moreno Cabrera, Universidad Autónoma de Madrid unibertsitateko hizkuntzalariak jardunaldietan adierazi zuen (euskaraz eman zuen hitzaldia) zer nolako aurreiritziak ditugun hizkuntzarekiko. Aurreiritzi horiek euskararen aldeko jarrera aktiboagoa hartzea oztopatzen dutela gaineratu zuen. Aurreiritzi horietako batzuk dira, esaterako, euskara oso hizkuntza zaila dela; jakitea gauza bat dela, baina hitz egitea oso-oso zaila dela, oso ondo jakin behar duzula hitz egin ahal izateko; euskara batua oso artifiziala dela...
Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) atez ateko bilketarekin hastea erabaki zuenean, aurreiritzi asko eta asko azaleratu ziren: sistema berria oso zaila zela egiteko; sistema berria berrogei urte atzera egitea zela (txerri-janak biltzen genituen garairaino); eginda ere, ez zuela balioko errauskailua geldiarazteko...
Aurreiritzi horiek aldaketari diogun beldurrak eraginak izaten dira, askotan; baina, aurreiritzi horiek aldaketarekiko interesik ez duten guneetatik ere bultzatzen dituzte, eta iritzi publikoa sortzen dute, aldaketa oztopatzeko helburuarekin.
Jardunaldietan Iñaki Martinez de Luna soziologoak adierazi zuen moduan, iritzi publiko horretan eragitea ezinbestekoa da hizkuntza ohiturak aldatzen, ulertzen eta aktibatzen hasteko. Uste dut, hondakinen kudeaketaren arlotik usurbildarrek ikasgai polita eman digutela.
Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria
