euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Russenorsk: Iparralde Urruneko pidgina

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2010-03-11 / 18:34

Russenorsk: Iparralde Urruneko pidgina

06_send.jpg

Ezagunak dira errusiarren eta eskandinaviarren arteko harreman historikoak. Aitzitik, ez da hain ezaguna bi herrialdeak Europako iparralde urrunenean lingua franca bat ezartzera iritsi izana.

Pomorrak, "itsasbazterrean bizi direnak" izenez ezaguna den komunitate errusiarreko kideak dira hizkuntza-abentura horren heroi zuhurrak. Pomorrak, funtsean, Itsaso Zuriaren kostaldean bizi ziren, eta Arkhangelsk zen haien hiri nagusia. Baina merkataritza bidaien ondorioz, beti iparralderantz mugitu ziren, Artikoko zirkulu polarraz bestalde, Spitsbergen eta Zembla Berria irletaraino. Pomorren merkataritza irina, zura, garia, eztia, argizaria eta larruak arrainaren truke saltzean edo trukatzean oinarritzen zen. Iparralderantz mugituz, lurralde isolatu eta mugarik gabekora iritsi ziren pomorrak. Haizeak gogor jotzen zuen kostalde harritsu babesgabea zen eta norvegiar, samitar, kareliar, errusiar eta finlandiar biztanleria nahasten zen bertan.

Europako Iparralde Urruna gobernuen kontroletatik kanpo zegoen. XVII. eta XVIII. mendeetan barrena Norvegiako Finnmark probintzian pobrezia oso hedatuta zegoen eta arrainaren eskaria, iparraldeko erkidegoek zuten baliabide bakarra, jaisten ari zen Europako mendebaldean. Erregea Kopenhagen bizi zen, eta oso urrun zegoen bai kilometroei zegokienez baita eskualde horien kezkei zegokienez ere. Ondorioz, Iparralde Urruneko biztanleentzat oso zaila zen euren bizi-baldintzez kexatzea. Aitzitik, Errusiako eliza ortodoxoaren egutegiak baraua egiteko egun asko aurreikusten zituen. Egun horietan debekatuta zegoen haragia jatea, eta handiagotzen ari zen biztanleria elikatzeko, arrainaren eskaria oso handia zen. Pomorren merkataritza arrazoi erlijiosoetan errotuta egotea onuragarria izan zen Finnmarkentzat. Merkataritzaren monopolioa kontrolatzen zuen Bergengo merkatari-klaseak presioak egin zituen pomorrak kostalde norvegiarretik aldendu zitezen. Beraz, pomorrek kontrabandoan aritu behar izan zuten Finnmarken: errusiarrek irinaren kontrabandoa egiten zuten eta norvegiarrek euren arraina ezkutuan saldu edo trukatzen zuten. XVIII. mendearen erdialdean, legez kontrako merkataritzak arrakasta handia zuen eta Koroak Finnmarkeko eskualdean merkataritza librerako erraztasunak eman behar izan zituen.

Iparraldeko biztanleria eleaniztun honek lingua franca bat garatu zuen, Russenorsk-a, bereziki norvegieraren eta errusieraren nahasketan oinarritzen zena. Hitz gehienak inguru horretan lan egiten zuten merkatariek ekarri zituzten. 1880 urtetik 1920 urtera jasotako hitz horien artean zegoen berdintasun izugarriari esker, Russnorsk hizkuntza independentetzat har daiteke. Russnorsk-ak ez du ez aditz-jokorik ezta deklinabiderik ere; oinarrizko preposizio bakarra du (pa°), eta ia ez dago aditz-denboraren, generoaren eta zenbakiaren noziorik. Aipatu pidgina hitz egiten zuen jendeak «moya pa° tvoya» edo «kak sprek» esaten zion hizkuntzari, alegia, «nirea zurearentzat» edo «nola hitz egiten duen».

XX. mendean pomorren merkataritza modu bortitzean bukatu zen. Nabigazio errusiarra oso arriskutsua bilakatu zen Lehen Mundu Gerrako U-boot alemaniarren itsaspeko gerraren ondorioz; Errusiako Iraultzak bi herrialdeen arteko tarte ideologikoa ezarri zuen. Norvegiako erresistentziaren eta Armada Gorri sobietarraren arteko lankidetzak ez zuen gehiegi iraun Bigarren Mundu Gerran. Gerra Hotzak banalerro politikoaren kontrako bandoetan ipini zituen errusiarrak eta norvegiarrak

Hala ere, gaur egun, errusiarrek eta eskandinaviarrek Europako Iparralde Urruneko arazo komunak konpontzeko lankidetza-bideak bilatzen dituztenean, pomor pidgin zaharraren oroitzapenak aldaketa positibo gisa funtziona lezake.

Finnmarkeko Russenorsk pidginaren adibide bat: Drasvi, gammel god venn paº moja= Egun on zuri adiskide kuttun. Kak ju leva?= Zer moduz zaude? Jes pa° slipom= Bai, lotan dago. Mera better pa° moya= Hobe da niretzat. Tvoja pa° moja sprek= Esan didazu, hitz egin didazu. Moja grot krank= Oso gaixorik nago. Tvoja pa° vara trokkom trokk= Ondasunak ondasunen truke nahi dituzu.

Gertatu zen hizkuntzen nahasketa adierazten duen lekukotza luzeago bat: «Moja skasi pa° ju: kak ju vina trinke, Kristus grot vre» («Zera diotsut, ardoa edaten duzunean, Kristo zurekin haserretzen da»). «Omer njet pa Kristus, men drogoj plass kom» («hiltzen zarenean, ez zara Kristorengana joango, beste leku batera baizik»).


Robert Scarcia
Kazetaria