Albisteak
Udaltop 2010: nerabeen aisia eta lagunartea

Udaltop jardunaldien bigarren edizioa apirilaren 21ean eta 22an izango da. Aurten landuko den gaia Nerabeen aisia eta lagunartea izango da, eta Zer eta nola egin daiteke udaletatik nerabeek aisian eta lagunartean euskara gehiago erabiltzeko? galderari erantzuna ematen ahaleginduko dira.
Aurkezpen ekitaldian izan dira Estibaliz Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendaria, eta Ricardo Ortega, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara zinegotzia. Aurtengo egitaraua aurkeztearekin batera, jardunaldietan izango diren berrikuntzak azaldu dituzte. Besteak beste, www.udaltop.com webguneak bloga eta sare sozialekiko lotura izango ditu.
Blogaren bitartez, antolatzaileen eta parte-hartzaileen arteko harreman eta komunikazio zuzena sustatu nahi izan da. Bestalde, Facebook eta Twitter sare sozialetan Udaltop erabiltzaileak sortu dira eta horiei esker, Udaltop sareko partaide izan daiteke edonor, sare horretan zabaltzen den informazioa partekatuz eta sare anitzagoetara zabalduz. Gainera, jarduera horrek bat egiten du aurtengo topaketen izaerarekin eta mamiarekin; nerabeen artean nola eragin, hain zuzen ere, sare sozialak erabiliz.
Iaz bezala, webgunean jardunaldietan aurkeztuko diren ponentziak, hizlarien curriculumak eta hainbat elkarrizketa ipiniko dira aurretiaz.
Informazio gehiago:
www.udaltop.com
