Albisteak
Le catalan, la langue de 10 millions d'européens

Urtero otsaila inguruan azoka bat egiten da Paris Expo Porte de Versaillesen, Porte de Versaillesetik gertu. Azken 25 urteotan, profesionalentzat eta, oro har, publiko guztientzat hizkuntza-merkatuaren erakusleiho izan den jazoera garrantzitsua da Expolangues. Ikastaro berriak, akademiak, irakaskuntza-metodoak eta teknologia guztiak elkarrekin lehiatzen dira arreta erakarri nahian.
Azokaren webgunean azaltzen denez, iaz 10.800 profesional baino gehiago eta 11.700 pertsona baino gehiago erakarri zituen azokak. 30 herrialdek eta 80 hizkuntza baino gehiagok izan zuten ordezkaritza. Katalanak, erakunde-mailako presentzia izaten du beti azokan, Institut Ramon Llull erakundea medio.
Urtero herrialde bat gonbidatzen dute Ohorezko Ostalari gisa, eta nola ez, hori ordezkatzen duten erakundeek azokan aurkezten dituzten jarduera guztiei arreta berezia eskaintzen zaie. Errusiar Federazioa (2007), Txinako Herri Errepublika (2008) eta, salbuespen gisa, Europar Batasuna (2009) izan dira azken urteotako ostalariak.
Aurten, alabaina, Institut Ramón Llull erakundeak, katalana hitz egiten den lurraldeetako erakundeekin batera, lehen baino lan gehiago izango du. 2010. urtean arau orokorraren salbuespena egingo da berriz ere, eta herrialde bat izan beharrean, hizkuntza bat izango da Ohorezko Ostalaria: katalana.
Le catalan, la langue de 10 millions d'européens (Katalana, 10 milioi europarren hizkuntza) izenburupean, katalanaren presentzia erabiliko da demografia-mailan duen garrantzia (Europar Batasuneko hizkuntza ofizial eta lan-hizkuntza askorena baino askoz handiagoa, adibidez) eta, hein handi batean berezko kategoria ematen dion egoera nabarmentzeko. Adibidez, nederlandera, italiera eta daniera ez bezala, Europako lau herrialdetan jatorri-hizkuntza gisa hitz egiten da katalana. Baina, Lurreko Telebista Digitala (LTD) egun batetik bestera ezarrita, ehun milaka ikuslek ezingo dute ikusi Kataluniatik katalanez igortzen duen kate nagusia, TV3. Katalana FC Barcelonaren estadioko ohar guztien hizkuntza den bitartean, Kataluniako diputatuek ezin dute Espainiar Parlamentuan beren hizkuntza erabili.
Frankfurteko nazioarteko liburu-azokaren 2008ko ekitaldiko esperientziaren antzeko honekin Frantziako unibertsitateetan katalana ikasten duten ikasle-kopurua handiaraztea espero da. Bi unibertsitatetan (Sorbona -Paris IV- eta Montpellier) daude katalan katedrak, eta beste hainbatetan irakatsi egiten da, tartean, nola ez, Perpinyakoan.
Ekarpen honen egileak, apika, lengoaia baikor samarraz Catalan et gallois: deux langues, deux histoires réussies (Katalana eta galesera: aurrera ateratako bi hizkuntza, bi historia) izenburua duen saioan esku hartzeko Europako Batzordearen gonbidapena onartu du.
Miquel Strubell
Universitat Oberta de Catalunyako Hizkuntzen eta Kulturen Ikasketetako irakaslea
