Albisteak
Mintzola Fundazioa aurkeztu da

Mintzola Fundazioak bere aurkezpen ofiziala egin du, ahozko hizkuntzaren eta komunikazioaren esparruko eragileek inguraturik. Fundazioaren patronoez eta zuzendariaz gain, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano ere izan da aurkezpenean.
Mintzola Fundazioa 2008. urtearen amaieran sortu zuten Villabonako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, euskarazko ahozko inprobisazioaren esparruan ikerketa, erreferentzia eta hedapen zentro bat izateko helburuaz.
Maria Jesus Aranburu, Mintzola Fundazioaren lehendakari eta Kultura eta Euskara Departamentuko foru diputatuak zabaldu du ekitaldia, eguerdian, Villabonako Subijana etxean, Fundazioaren sorrera eta oinarriak azalduz.
Bere ondoan zituen Mintzola Fundazioaren patronoak, Estibaliz Alkorta, Haritz Solupe eta Xabier Huitzi Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak; Iņaki Murua, Euskal Herriko bertsozale Elkarteko presidentea; Maixabel Arrieta, Villabonako alkatea; Jon Irazusta, EHUko Euskara errektoreordea; eta Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte Alorra eta Komunikazio Sailaren zuzendaria; baita Josune Zabala, Mintzola Fundazioaren zuzendaria ere.
Aranbururen ondotik, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren izenean Lourdes Auzmendi Euskara Sustatzeko zuzendariak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren asmoa, Mintzola Fundazioaren partaide izateko.
Fundazioaren zuzendari Josune Zabalak azaldu ditu, laburki, Mintzola ahozko lantegiaren xedeak eta proiektuak. Azkenik, Markel Olano diputatu nagusiak eskertu die bertaratutako guztiei Mintzolaren asmoa gauzatzeko emandako laguntza.
Aurkezpen ekitaldia arratsaldean jarraitu da, sortzaileei eta ikerlariei eskainitako saioan. Hiru atal izan ditu:
- Lehen zatian, ahozko ondarearen dokumentazioaz mintzatu da Ahotsak.com proiektuko Asier Sarasua.
- Bigarrenik, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak bere ekarpena egin du, sorkuntzaren ikuspegitik: Ander Lipusek, Andoni Egaņak eta Ainhoa Agirreazaldegik antzerkiaren eta inprobisazioaren arteko performance bat eskaini dute.
- Eta amaitzeko, ikerketaren esparrua aztertu du EHUko irakasle Itziar Idiazabalek, ahozkoaren jabekuntzaren eta hedakuntzaren esparruan egiten den ikerkuntzaren egoeraz.
