Albisteak
Zilegi Eskolak

Azken urteotako inkesta eta neurketa soziolinguistikoen arabera, koska handia dugu euskararen ezagutza eta erabileraren artean. Koska hori arintzea da, hain zuzen ere, erronketako bat.
Ezagutzatik erabilerara tartea dagoela ongi frogatua du beste hizkuntza bat ikasten duen edonork. Eta tarte hori amildegia bihurtzen da inguruan hizkuntza horretan mintzatzeko aukera edo sarerik ez duenarentzat.
Euskaltegietan ere ez da kontu berria zenbait ikasle behin eta berriro matrikulatzea, maila ona izan arren, norekin hitz eginik ez dutelako. Eta euskara ikasten aritutako jende asko geratu da bidean, euskaraz jariotasunez hitz egiterik lortu gabe, arrazoi horrexegatik.
Pertsona bat beste hizkuntza bateko hiztun bilakatzeko ibilbidearen barnean ikas-prozesua eta gizarte-prozesua bereizten zituen Iñaki Martinez de Luna soziolinguistak artikulu batean. Ikas-prozesuetan asko aurreratu dela zioen Martinez de Lunak, urrats eta mailen definizioa dela, ikas-materialak direla, gaitasun maila bakoitza lortzeko ordu kopuruak direla, etab. Gizarte-prozesuari dagokionez, berriz, oso zehaztasun gutxi dugula adierazten zuen. Gizarte-prozesua deitzen zion ikasle batek hizkuntza bat ikasteko, euskaltegi, ikastetxe edo beste edozein ikasketa gunetik kanpo nahitaezkoa duen prozesu osagarriari. Lagunartean dela, familian dela, lantokian dela... hizkuntza entzun eta hitz egiteko eremuak izateaz ari zen, ikasitakoa finkatu eta aberasten joateko; baina prozesu hori zehaztu gabe daukagula zioen, ez dakigula gizarte-prozesu horrek noiz hasi eta amaitu beharko lukeen, zenbat ordu eskatzen dituen, zein erritmo...
Zehaztasun hori gabe, seguruenik, baina gizarte-prozesu horren osagai izan daitezkeen egitasmoak jarri dituzte abian euskaltegiek, eta horietako bat ekarri nahiko nuke lerro hauetara: Zilegi Eskolak, Hernaniko eta Astigarragako AEK euskaltegiek azken hiruzpalau urteotan bi herri horietan antolatu dituztenak. Hainbat gairen inguruan antolatutako tailerrak eta ikastaro laburrak dira, dinamikoak eta parte-hartzaileak. Bertan euskara ikasten ari diren ikasleek nahiz herritar euskaldunek har dezakete parte. Gaiak era askotakoak dira: elikadura, osasuna, herriko historia, filosofia, dantza... Irakaslea ere herrikoa da gehienetan, euskaltegian bertan ikasia edo alfabetatua, zenbaitetan.
"Zilegi" hitza historiako gaiak lantzerakoan erabili izan da lur eta baso libreak "komunalak" izendatzeko. Jabetza pribatutik kanpo, Erdi Arotik aurrera hiribilduen eta herrien araudipean geratu ziren lurrak ziren "zilegiak", lur libreak, herriarenak eta herritarrek erabiltzekoak eta ustiatzekoak.
Zilegi Eskolak interesgarriak iruditu zaizkit. Alde batetik, ikaslearen gizarteratzea dago, arestian aipatu dugun gizarte-prozesua bideratzeko aukera eskaintzea; bestetik, herritar euskaldunon parte-hartzea, eta, azkenik, herrian bertan dauden baliabideak erabiltzea.
Eta beste gogoeta bat ere eragin didate eskola hauek: zergatik ez kontuan hartu, herrian aktibitateak, ikastaroak, hitzaldiak eta antzekoak antolatzerakoan, herritar askok euskaldun oso bihurtzeko euskaraz funtzionatzen duten eremuak behar dituztela, eta espresuki antolatu euskarazko aktibitateak, gehiago eta gutxiago dakigunok bertan topo egiteko? Zilegi litzateke, oso.
Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria
