Albisteak
¿A las buenas o a las malas?

Apirilaren 29an, 17:30ean, Lasarte-Oriako Buenos Aires aldapako 17. atariaren parean, ni bizi naizen etxetik ehun metrora, Ertzaintzaren talde batek gelditu ninduen (auzo)-errepideko ohiko kontrol batean. Laukotea osatzen zuen ertzain-kideetako batek hitz bidea eman zidan, gaztelaniaz: «Buenas tardes, este es un control rutinario de tráfico…».
Nik berarekin euskaraz aritu nahi nuela eta, ezinezkoa zela zirudienez, zerbitzua euskaraz emango zidan norbait eskatu nion, jator. Berak, berriz ere, ez zekiela erantzun zidan. Nik gauza bera errepikatu nion eta ertzain taldeko arduradunarengana joan zen. Handik gutxira, arduraduna etorri zitzaidan «¡Con que con esas estamos!» esanez. Nik, hari ere, euskaraz esan nion aurrekoari esan nion gauza bera: administrazioarekin, Ertzaintzarekin, harremana euskaraz nahi nuela. Hark, ordea, «¿Qué quieres, a las buenas o a las malas?» erantzun zidan.
Handik aurrera, nirekin batera autoan zihoazen bi alaben beldurra tarteko, ertzainak (gaztelaniaz) eskatu zizkidan paperak eman egin nizkion. Paperak aztertzen ari zen bitartean, alabengan jarri nuen arreta eta biak zeuden zurbil. Txikiena (6 urtekoa), isilik. Zaharrena (8 urtekoa), berriz, barruan zituen galderei eutsi ezinik: «aita! Zergatik damaki pistola? (...) Aita! Zergatik esan du gizon horrek hori? (...) Aita! Eta berak zergatik ez daki euskeraz hitz egiten? (...) Eta zergatik ez du ikasi? (...) Aita! Alkateak errita egingo dio, ezta? (...) Aita! Eusko Jaurlaritza euskeraz da, ezta?...»
Aste batzuk pasa dira eta amorrua goxatu zait pixka bat. Nire buruaz, pittin bat bada ere, barre egitea ere lortu dut: TELPeko (Taller de l'Espai Lingüístic Personal) ikastaroak jaso (eman ere bai bateren bat), antzeko hizkuntza-egoerei asertibotasunez aurre egiteko teknikak langai izan… eta gero hau! Nire asertibitate-maila linguistikoak ere topatu du bere inkonpetentzia-maila…
Geroztik, herritar arduratsu gisara, gure hizkuntza-kexetarako bulegoetako izapideak ere bideratu ditut Behatokian eta Elebiden. Familian ere hitz egin dugu gaiaz nire alaben ziurtasun linguistikoa erasanda gera ez dadin. Harrigarria izan da beraientzat hizkuntza-jardun normala denagatik (euskaraz egiteagatik, alegia) pairatutako beldurrezko esperientzia. Amorragarria izan da niretzat tratu hori norengandik eta, zerbitzu on bat emateko familiak zergak ordaintzen dizkion administrazioetako batengandik jasotzea.
Tristeena, ordea, zera iruditzen zait: ertzainen arduradun hark esperientzia hartatik ezer hausnartzekorik ez zuela aterako, seguruenik (ezin dut nire ustea berretsi geroztik ez baitiot galdetu «con esas» hark zer esanahi ote duen beretzat). Are gehiago, uste dut ni errespeturik gabeko burugogor (fundamentalista?) linguistiko bat, edo antzeko zerbait, nintzela esanez bukatuko zutela ertzain-kideen arteko elkarrizketa (agian ez?).
Eta hurrengoan, zer? Alabarik gabe baldin banoa, «A las buenas» euskaraz zerbitzatuko nauen norbait ekarri arte planto egitea pentsatuta daukat. Eta inor ekartzen ez badu, berriz, berak erabaki dezala «a las malas» horrek zer esan nahi duen.
Iñaki Arruti
Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria.
