Albisteak
UDALTOP jardunaldien eduki guztiak denentzat eskuragarri

Udaltop jardunaldietako materiala bertan parte hartu zutenek soilik eskura zezaketen orain arte. Aurrerantzean, ordea, interesa duen orok edukiak kontsultatzeko aukera izango du, material guztia denen eskura jarri baita. Eduki horiek, gainera, Creative Commons-en Aitortu 3.0 Espainia baimenaz babesturik daude. Beste hainbat berrikuntza ere izan ditu udaltop.com orriak.
Antolatzaileek, jardunaldien bukaeran aurreratu zuten bezala, berrikuntza ugari aurkitu daitezke udaltop.com web orrian. Hala, Dokumentazioa atalean, ponentzien pdf-ak, aurkezpenetako ppt-ak, ponentzien inguruan jardunaldietako parte-hartzaileek egindako galderak eta hizlariaren erantzunak aurkituko dituzue.
Era berean, jardunaldietan parte-hartzaileek egindako talde-lanaren emaitza ere jasotzen da eta material biltegian ekarpen gehiago sartu dira.
Horretaz gain, webgunearen bertsio berrian familia transmisioaren gaiaren inguruan Ernest Queroli, Institut de Sociolingüística Catalanako kideari, egindako elkarrizketa bat dago.
Azkenik, Multimedia atalean, jardunaldietako argazkiak eta jardunaldiei buruz prentsan agertutakoak jaso dira. Jardunaldietan parte hartu zuten guztiek uztailean DVD bat jasoko dute, hitzaldi guztiekin. Edonola ere, Udaltop jardunaldietan parte hartu ez duen edonork DVDa eskuratu nahiko balu, web orrian dagoen formularioaren bidez egin dezake eskaera.
