Albisteak
Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak 2008-2012 aldirako

Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu du 2008-2012 aldirako. Hartarako dekretuak eta erabakiak 2009ko urtarrilaren 27an onartu zituen Diputatuen Kontseiluak.
Alde batetik, 2009ko urtarrilaren 27ko 3/2009 Foru Dekretua, Gipuzkoako Foru Aldundian Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzen duena 2008-2012 aldirako onartu zuen Diputatuen Kontseiluak. Lanpostuen hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak zehaztearekin batera, Aldundiko administrazio atal guztientzat hizkuntza helburu zehatzak ipintzen ditu dekretu horrek.
Bestetik, planaren bigarren zutabea da 2009ko urtarrilaren 27ko 4/2009 Foru Dekretua, hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera esparruan 2008-2012 aldirako. Alderdi asko arautzen ditu: euskararen erabilerak izan behar duen trataera, ahozko nahiz idatzizko erabileran, herritarrekin nahi beste herri erakundeekin; jende aurreko ekitaldietan, argitalpenetan, hizkuntza paisaiari lotutako gaietan, eta orobat Foru Aldundiaren jarduera esparru guztietan, berari dagozkion hizkuntza helburuak betetzeko beharrezkoak direnak.
Horrekin batera, administrazio kontratuak gauzatzeko orduan bete behar diren hizkuntza baldintzei buruzko erabaki bat, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko langileek euskara ikastaroetarako joateko baldintzak arautzen dituen dekretua ere onartu ditu Aldundiak.
Azpimarratu nahi dugu Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak «benetan egoki» iritzi diola onartutako planari, eta «Gipuzkoako Foru Aldundiaren hausnarketak eta eskarmentua baliagarri izango direla gainerako herri-administrazioentzat».
Argibide gehiago:
Euskararen erabilera Gipuzkoako Foru Aldundian
