euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Gazteak eta euskara Ipar Euskal Herrian 2008an

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2009-01-26 / 08:27

Gazteak eta euskara Ipar Euskal Herrian 2008an

01_gazteak.jpg

Soziolinguistek gazteen adin multzoa garrantzi handiko elementutzat hartzen dute hizkuntza gutxitu baten berreskurapen prozesuaren ikuspuntutik. Lehenik eta behin, belaunaldi horrek hizkuntzaren etorkizuna eskuetan izanen duelako, eta bigarrenik, ikerketek erakusten dutelako hizkuntza gaitasuna, erabilera ohiturak, jarrerak eta irudipenak gazte garaian finkatzen direla, gerora alda badaitezke ere.

Euskararen kasuan gazteei buruzko ikerketa batzuk baditugu, Etorkizuna Aurreikusten 99. Gaztetxoak eta euskara (2000, I. Martinez de Luna eta K. Berrio-Otxoa zuzend.) 13-14 urtetako gaztetxoei buruzkoa adibidez. Testu honetan Eusko Jaurlaritzaren azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak baliatuko ditugu bereziki Ipar Euskal Herriko gazteen euskararekiko jarrera neurtzeko (IV. Inkesta Soziolinguistikoa 2006 Gazteak eta euskara Ipar Euskal Herrian 2008an

Ipar Euskal Herrian hizkuntza politiko publikoa kudeatzen duen Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak, pozik, adierazpen hauek egin zituen 2006ko inkestaren emaitzen testuinguruan: «Aurreko inkestak erakusten zuen beherakada gelditzen zela adin tarte gazteenetan. 2006an, itxaropen hori gauzatzen da, eta hainbat adierazle berriz goiti doaz lehen aldiko: hizkuntza-gaitasunaren ehunekoa gora egiten hasi da, erabilerarena ere, transmisioa hobetu egin da, hiztunen irabaziak galerak baino handiagoak dira...» (IV. Inkesta Soziolinguistikoa 2006: 74). Gazteen emaitzak aztertuko ditugu, 16-24 urte bitarteko gazteenak.

Era orokorrean, elebidunen ehunekoa jaitsi egiten da etengabe Ipar Euskal Herrian. 1991ko inkestaren arabera, elebidunak % 33 ziren eta 2006an, berriz, % 22,5 (1996an % 26,4 eta 2001ean % 24,8). 2006an 65 urte eta gehiagokoen multzoan % 32,4 dira elebidunak, 50-64 urtekoen multzoan % 26,8 eta 25-34 urtekoenean % 11,6. Hala ere, lehen aldiz, 16-24 urte artekoen ehunekoak gora egin du, % 16,1ekoa izanez. Aldaera horretan euskararen eskola irakaskuntzaren eragina ikusten da, familia bidezko transmisioa ahula dela ikusten baita (16-24 urtekoen multzoan % 7 dira euskara ama-hizkuntza dutenak eta %7 ere euskara eta frantsesa dituztenak).

Ipar Euskal Herrian irakaskuntzaren eredu elebiduna (B eredua) murgiltze eredua (D eredua) baino lasterrago garatzen da, eta noski, ikasleen hizkuntza-gaitasuna lehen ereduan bigarrenean baino ahulagoa da. 2005ean Euskal Autonomia Erkidegoan 16 urteko gazteen euskara maila neurtu zuten Europako hizkuntzen erreferentziako marko komuneko B2 mailako proba pasaraziz. A ereduko ikasle bakar batek ere ez zuen gainditu (% 100), eta B ereduko ikasleen % 67k eta D ereduko % 32k ere ez. Beraz argi dago euskara ikasten duten haurren ehunekoa eta elebidunen ehunekoa ez direla balio berekoak, Ipar Euskal Herrian bereziki D ereduan ikasten dutenak gutxi baitira (lehen hezkuntzan % 7 dira eta B ereduan % 23). Horrela, 2006ko inkestaren arabera, elebidun edo elebidun hartzaile izanik ere, 16-24 urte bitarteko gazteen % 8,9 frantsesez bakarrik mintzatzen dira etxean, lagunekin, gizartean (elebidunak eta elebidun hartzaileak % 25,8 dira). Ondorioz, esan dezakegu gazte elebidun eta elebidun hartzaileen herena frantsesez bakarrik mintzatzen dela (% 34). Euskara frantsesa baino gutxiago erabiltzen dutenak % 50 dira, aldiz, euskara frantsesa baino gehiago erabiltzen dutenak % 3 bakarrik.

Bat Soziolinguistika aldizkariko 64. zenbakian argitaratu zen 2006ko bosgarren euskararen kale erabileraren neurketak ere erakusten digu Ipar Euskal Herrian gazteek euskara gutxiago erabiltzen dutela (% 3,6) haurrek (% 4,8), helduek (% 4,0) eta adinekoek (% 7,6) baino. Inkestatzaileak mintzatzailearen adina estimatu eta lau adin multzo horietan kokatu zuen. Haurren kasuan, irakaskuntzaren eragina suma dezakegu berriz ere, baita euskaraz mintzarazteko guraso euskaldunen ahaleginak ere.

Gaitasunari dagokionez, argia da elebiduna geroz eta zaharrago izan bere gaitasun erlatiboa are eta handiago dela: 65 urte eta gehiagoko taldean erdal elebidunak %24 dira, 25-34 urtekoenean % 31 eta 16-24 urtekoenean % 42.

Euskara sustatzeko jarreran 16-24 urteko taldeak erakusten zuen aurkakotasun handiena. Inkestan 65 urte eta gehigokoen % 1,0ek, 25-34 urtekoen % 24k eta 16-24 urtekoen % 3,9k «Oso aurkakoa» zela erantzun zuen; eta 65 urte eta gehiagoko %10,1ek, 25-34 urtekoen % 15,3k eta 16-24 urtekoen % 21,10ek «aurkakoa» zela.

Azterketa labur hau bukatzeko, datu gehiegi metatzeko nahirik gabe, esan dezakegu eskolak gazteen euskararen ezagutzan eragin baikorra duela Ipar Euskal Herrian. Egia da familiaren bidezko transmisioa biziki behera jaitsi zela baina era mekanikoan irakaskuntzak beherakada hori gelditu du. Hala ere ikus daiteke ezagutzaren garapena ez doala erabilerarekin batera, ezta euskararen aldeko jarrerarekin ere. Gaitasun linguistikoari dagokionez, gazteena adinekoena eta helduena baino apalagoa da. Euskara ikastea ez da haurren edo gazteen hautaketa, baina bai beraien gurasoena. Beraz, Ipar Euskal Herrian euskararen egoera aldatu nahi izanez gero, irakaskuntza behar-beharrezkoa bada ere, hizkuntza politika zabalagoa, indartsuagoa eta erakargarriagoa jarri beharko dute abian gazteen baitan euskararako gogoa eta erabilera sorrarazteko.


Jean-Baptiste Battittu Coyos
Hizkuntzalaria