Albisteak
Administrazio jasangarria

Lantoki dudan Hernaniko Udalean udazken honetan bi albiste iritsi zaizkit, nire ustez, bizi dugun giro estuaren adierazgarri direnak.
Alde batetik, urrian Alkatetzatik mezu bat bidali ziguten Udaleko departamentu guztietara, 2008ko diru-sarreretan, Foru Aldundiak Udalari agindutakoetan, milioi bat euroko jaitsiera egongo zela esanez. Hernaniko Udalaren 2008ko aurrekontua 28.600.000 eurokoa da. Mezuarekin adierazten ziguten tentuz ibiltzeko 2008ko azken hiruhileko gastuekin eta, ulertu genuen, 2009rako aurreikuspenak egiteko garaian gastua kontrolatzeko ahalegina egin beharko genuela.
Urritik hona krisiaren zipriztinak garbiago ikusi ditugu eta datorren urtea gogorra izango den hotsa iritsi zaigu alde guztietatik.
Beste alde batetik, ez zuzenean krisi egoera honek eraginda baina bai lagunduta, herrian dinamika parte-hartzaile interesgarriak jarri dituzte martxan. Topagune berdea da horietako bat, ingurumenarekin lotutako gaiak aztertzeko (hondakinen kudeaketa, mugikortasuna...) eta, bestea, oraintsu Hernaniko Kronikaren bidez iragarri duten azpiegituren inguruko eztabaida (musika eskola handitzea, igerilekua egokitzea, auditorio berria eraikitzeko planteamendua, adineko jendearentzako zerbitzuak...), lehentasunak non jarri erabakitzeko sortua.
Herritarren iritzia jaso eta kontuan hartzea helburu duten foro horietatik bi alderdi azpimarratuko nituzke: bata, perspektiba globalarekin lan egiteko ideia, begirada egunerokotik pixka bat goratuta; eta bestea, txikiagotze ekonomikoaren (decroissance deitu den horren) ideiarekin lan egitea, alegia, azken 20 urteotako "desarrollismoak" bultzatu duen kontsumo-mailatik ihes egin eta modu jasangarriagoan lan egitea.
Esango nuke, euskara arloan lanean ari garenok, bai Udaletik bai mugimendu sozialetatik, ez gaudela eztabaida hauetatik at. Ez gaude, eta ez genuke egon behar. Alde batetik, ondo komunikatu behar diegu herritarrei gure egitasmoen helburuak zein diren, non jarri ditugun diru publikoa erabiltzeko lehentasunak, gure diru laguntza lerroak zein diren... Ondo komunikatu eta argudiatu, herritarrek beren lehentasunetan kontuan har gaitzaten. Beste alde batetik, egitasmo eta proiektu jasangarriak egiteko bideak aztertu eta horra bideratu behar ditugu gure ahaleginak: nola atera probetxua herrian bertan ditugun baliabideei, udal egitasmo desberdinen arteko osagarritasuna bilatu, eraginaren eta gastuaren arteko oreka lortu, etab.
Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria.
