euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   «Francophonie»-ren bi arimak

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2008-10-06 / 12:19

«Francophonie»-ren bi arimak

frantses_akademia.gif

Frantsestua naiz, ezkontza bidez. Beraz, gure etxean egunero erabiltzen dugu Michel de Montaigneren hizkuntza. Nik ez dut frantsesari balio erantsirik bilatzen ibili beharrik, erabiltzen dudalako balio baitit. Hil zen arte, gure txakur maitea ere katalan-frantses animalia elebiduna izan zen. Sekula ez genuen gaizki-ulertze soziolinguistikorik izan berarekin. Hitz egiten genionean, itxuraz, ondo ulertzen gintuen, gure familiaren elebitasunagatik kexurik egin gabe. Pentsatzen dut bizi izan zen hamalau urteetan gaztelania ere ulertuko zuela, Valentzian, logikoa denez, Cervantesen hizkuntza ingurumenean dagoen edozein birus bezala ikasten baita: kutsatuta.

Nire pasadizo biografikoen berri emango dizuet, baina ez hartu hori inolako azterketa soziologikotzat, noski. Dena den, horrela ondo ulertuko duzue nire sentimenduak zergatik ez datozen bat mundu frankofonoko ordezkari garrantzitsuenek esandako eragabekeriekin. Jakingo duzuen bezala, Frantses Hizkuntzaren Akademiak gaitzetsi egin du gure ondoko herrialde horretako Asanbleak maiatzaren 22an hartutako erabaki bat: alegia, Konstituzioko 1. artikuluari «eskualde hizkuntzak -katalana eta euskara, esate baterako- Frantziaren ondare dira» gehitzea. Akademia guztien amak testua kentzeko eskatu du, berorren gorentasunek diotenez, «Konstituzioan eskualde hizkuntzak frantsesaren aurretik jartzea, logikari desafio egitea eta errepublika ukatzea izateaz gain, nazioaren printzipioa gaizki ulertzea eta politika xedea» baita. Richelieuk Frantziako Iraultza baino 150 urte lehenago sortu zuen erakunde horretako akademikoek ez dute zalantzan jartzen eskualde-hizkuntzak guztion ondare eta «Frantziako nazioaren aberastasunaren» erakusgarri direla. Edonola ere, beren goi-mailako irizpidearen arabera, hizkuntza horiek aitortzea «frantziar identitateari» eraso egitea da.

Hispanitatearen eta haren probintzien defendatzaileen ahotik diskurtso berberak entzun ditugunoi hainbeste esentzialismo identitariok barregura pixka bat eragiten digu, gure uste apalean, air du tempsen konplexutasunak ezeztatzen baititu. Frantziarren auzi horrek badu paradoxa bat, gaztelaniaren hiztunek Puerto Ricon dutenaren antzekoa: gorentasun horiek berak sutan jartzen dira, ingelesak Kanadako gizarte frankofonoan egindako aurrerapenak ikusita. Are gehiago, oro har, Ameriketako Estatu Batuetako major eta networken boterean oinarritutako globalizazio eredu batekin ere sumintzen dira; free flow of communicationen erara sorturiko ereduarekin, hain zuzen.

Ezkontza bidez frantsestua naizen aldetik, eta, beraz, bi bider leiala Frantziako Errepublikari, Jack Langen 1981eko ekimenetik aurrera beti etorri izan naiz bat Frantzian sortutako edozein berezitasun kulturalen defentsa laudagarriarekin; berezitasun horien artean daude, besteak beste, José Bovéren junk-foodaren aurkako matxinada eta horrek ekarritako terroiraren janaria, bai eta Molièreren hizkuntzan dauden ikus-entzunezkoen eta kulturaren industrien ekoizpenerako, banaketarako, promoziorako eta kontsumorako Estatuak emandako laguntza ugariak ere. Eta hori, noski, Hollywoodeko hizkuntzaren aurka «babestutako kultura» estatusaren oinarria kultur eta hizkuntz aniztasunaren defentsa dela konbentzituta egiten dut; hau da, guk geuretzat defendatzen dugun aniztasuna frantziarrek beraientzat eskatzen dutenaren parekoa dela. Nolanahi ere, argitasun soziolinguistikoa dudan egunetan, paradoxa horrek bikoiztasun diskurtsibo bat azaltzen dit, eta horrek ernarazi egiten du nigan nire Jekyllen eta haren barruan uzkurtuta bizi den Hyden arteko bereizketa sakona.

Mister Marshallen inperioko hizkuntzaren aurkako mainak, eta bestalde, katalanak, bretoiak eta euskarak sortutako koalizio multilateralak, Europa zaharraren -horren kultu, demokratiko eta adeitsua den Europa horren- bihotzetik jaiotako gaiztakeriaren ardatz paranoiko baten itxura du; hain zuzen, frantses hizkuntzaren trukeko balio errealetik haratago inperioaren erlikiatzat goretsitako grandeur eta francophoniearen kontrapuntu gisa sortua izan denaren itxura du. Burugabekeria hutsa da: tradizio laikoa duen herrialde batean, beste inon ez bezala la joie de vivre loratu zen herrialde horretan, à l'immortalité leloari jarraitzen dion hizkuntz akademia horrek soilik egin zezakeena. Gure zakurra berpiztuko balitz…


Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea.