euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Jose Antonio Loidi beka

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2008-09-02 / 07:16

Jose Antonio Loidi beka

loidi_beka_2008.jpg

Euskal literatura purismoak kutsaturik zegoen garaian, eleberri harrigarri bat idatzi zuen 1955ean Irungo botikari Jose Antonio Loidi Bizkarrondok Hamabost egun Urgain'en polizia eleberria. Euskaltzaindiak antolatutako lehiaketan aipamen berezia jaso zuen, botikari hark zerabilen euskara herrikoia eta biziagatik.

Kritikaren aldetik ere goraipamen ugari jaso zituen. Hona zer zioen eleberriari aitzin solasa egin zion Aingeru Irigaraik

«Gai (euskal-liburuetan beiñere jo ez dan polizia-gaia) bizia eta intresduna derabilla, euskera arront eta erritar batean izkiribatua. Ezta iztegi bearrik novela au irakurtzeko, eta euskal liburu batez au esatea ezta gauza ttipia zinez».

Eleberri hura ez zen izan, halere, Jose Antonio Loidi Bizkarrondok euskararen esparruan egin zuen lan bakarra. Farmaziako ikasketak egin eta Irunen botikari plaza 1943an lortu zuenetik, antropologia, filologia, toponimia, literatura, osasun publikoa, hidrologia eta botanikari buruzko ikerketa ugari egin zituen, eta urteetan euskal literatura eta zientzia aldizkarietako kolaboratzailea ere izan zen.

Euskaltzain urgazlea izandakoaren omenez, Irungo Udalak Jose Antonio Loidi beka sortzea erabaki zuen 1999an. Bekak omenaldi bat izateaz gainera bi helburu ditu:

  • hainbat esparrutan ikerketa suspertu eta bultzatu
  • eta ikerketa zientifikoa euskaraz zabaldu.

Bekaren ikerketa esparruak Jose Antonio Loidik bere bizitzan zehar landutakoak dira, eta bekaren bitartez landuko diren proiektua, azterlana eta memoria euskaraz egin behar dira. Ikerketa egiteko 12 hilabeteko epea dago eta 9.000 euroko diru saria.

Proposamenak aurkezteko epea zabalik dago, 2008ko irailaren 19 arte.

Xehetasun gehiago:
Irungo Udalaren web gunean