Albisteak
Zertarako dena bi hizkuntzetan udal administrazioan?

Osatu berriak dira Udalak datozen lau urteetarako. Ordezkari politikoen artean banatu dituzte ardurak eta karguak eta hasi dira Batzordeetan gaiak aztertzen eta erabakiak hartzen.
Eta hizkuntzen harira hasi dira planteatzen lehendabiziko galderak eta kezkak. Zein hizkuntza erabili behar dugu udal batzordeetan? Baditugu euskaldunak ez diren ordezkariak...Eta idatziak? Dena bi hizkuntzetan egin behar dugu? Zer dio legeak?... Kezkak ez dira berriak, baina lau urteko bakoitzaren hasieran bereziki nabarmentzen dira.
Gaia korapilotsua da eta udaletako euskara zerbitzuetan ere duda asko izaten dugu galdera hauei erantzuteko orduan eta, batez ere, irtenbide egokiak planteatzerakoan. Ziurrenik, denerako balio duen soluziorik ere ez dago, tokian tokiko egoerak, pertsonak, testuinguruak...oso anitzak direlako. Baina planteatze hutsak balio dezake udaletako hizkuntza normalizazioaz ditugun ikusmoldeak eta iritziak plazaratzeko eta eztabaidatzeko, eta baita aurrera egiteko bidea zein izan daitekeen pentsatzeko ere.
Salbuespenak salbuespen, euskararen erabileraren inguruan inertzia handi samarra sumatzen dut inguruko udaletan, geldiune batean bageunde bezala, ez aurrera ez atzera. Langile asko dira gai euskaraz jarduteko, herritarrei harrera euskaraz egiteko. Asko aurreratu da arlo horretan azken 20 urteotan. Udaletatik herritarroi iristen zaizkigun idatziak bi hizkuntzetan egoten dira, gehienetan, eta euskaraz txukun idatzita iristen dira, ulertzeko moduan. Asko aurreratu da horretan ere. Baina udaletan lana gaztelaniaz egiten da, batez ere, eta gero, norentzat den kontuan hartuta edota beste egoera batzuek baldintzatuta, dokumentu batzuk itzuli egiten dira. Batzuetan langileak berak itzultzen du eta beste batzuetan itzultzaileak. Horri deitzen diogu "elebitasuna", "ele bietan funtzionatzea".
Sistema horrek funtzionatu du azken 15 urteetan eta bere balioa izan du. Baina, nire ustez, bide horrek eman du berea. Sistemaz bi hizkuntzetan funtzionatzen segitzea astuna, garestia eta antzua da. Antzua da, ez duelako euskaraz idaztera bultzatzen (ele bietan dauden idatzi gehienak gaztelaniaz sortu dira) eta ezta euskaraz irakurtzera ere (euskaldun askok ere gaztelaniaz irakurtzen dute).
Udal barruan euskararen erabileran aurrera egingo badugu, euskara hutsezko jardunari sarbide handiagoa eman behar diogula pentsatzen dut, eta elebitasunaren morrontzatik aldendu. Euskaraz sortu eta euskaraz irakurtzera bultzatu, horretarako gai diren langile eta ordezkari politikoak. Eta itzuli, beharrezkoa denean bakarrik egin. Itzultzea ez den beste bide batzuk ere badaude elkar ulertzeko.
Gero eta gutxiago dira, ni bizi naizen inguru honetan, eskaraz ulertzeko gai ez diren ordezkari politikoak, eta ulermen maila horrekin, euskarazko jarduna ez oztopatzeko aukera badute. Aurrera egiteko, orain, ezinbestekoa da ordezkari politikoen artean adostasun batzuetara iristea. Langileekin ere asko egin daiteke aurrera bide honetan, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukera guztiak eskuartean izanda. Zuzenketa kontuetan malgu jokatzea litzateke beste eginbeharretako bat, langileak sinetsi egin behar baitu gauza dela bere kabuz idatzi txukunak sortzeko euskaraz.
Eta, azkenik, beldurra galdu behar diogu dokumentu batzuk gaztelania hutsez bideratzeari ere, aurrez ondo zehaztutako irizpide eta plangintzen arabera, jakina. Era honetara, gaur egun ere maiz egiten duguna aitortu egingo genuke, eta, gainera, itxura egiteko bakarrik balio duten itzulpenetan xahutzen ditugun baliabideak beste zerbaitetan erabili ahal izango genituzke.
Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria.
