euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Hizkuntza deserosoak nola bideratu

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-10-03 / 12:10

Hizkuntza deserosoak nola bideratu

egileaetaliburua.jpg

Duela zenbait aste, liburu interesgarri bat argitaratu dute Montrealen Quebec-eko hizkuntz politikaren nondik norakoak ezagutu nahi dutenentzat. L'embarras des langues. Origine, conception et évolution de la politique linguistique québécoise da liburuaren izena. Zalantzarik gabe, gai horrek badu berezko erakargarritasuna, baina, horrez gain, egileak berak ere are eta garrantzi handiagoa eman dio. Izan ere, Jean-Claude Corbeil da liburuaren egilea, hizkuntzak bideratzeko Quebec-en sortu den aménagement mugimenduaren bultzatzaile nagusietako bat.

Jean-Claude Corbeil hainbat aldiz izan da Katalunian eta Euskadin, eta gurera ekarri izan du beti urtetan ikasitakoa. Corbeil izan zen Quebec-eko hizkuntz politikaren bultzatzailea 70ko hamarkadaren lehenbiziko urteetan; hala, Office de la langue française delakoaren hizkuntz zuzendaria izan zen 1971. eta 1977. urte bitartean. Horrenbestez, eragin handia izan zuen frantsesa lanerako hizkuntz nagusi bihurtzeko politikan; Robert Bourassaren gobernu liberalak hizkuntza ofizialari buruzko 22. legearen bidez (1974) abiarazi zuen politikan, alegia. Handik gutxira, Quebec-eko Alderdiaren gobernuak ere politika berari eutsi zion, egun indarrean dagoen 101. legearen edo frantses hizkuntzari buruzko Gutunaren (1977) bidez.

Gerora ere Corbeilek jarraitu egin zuen Quebec-eko hizkuntz politikaren alde lanean; izan ere, Conseil de la langue française delakoaren kide izan zen, baita hizkuntz politikaren arduradunaren ministroorde (Louise Beaudoin ministroarekin) eta Gérald Larose batzordeko idazkari ere. Batzorde horrek txosten eredugarri bat egin zuen Quebec-en eta munduan frantses hizkuntzak duen estrategiari buruz (Le Français, une langue pour tout le monde, 2001).

Lege horren 30. urteurrenean argitaratutako liburu horrek argi eta garbi azaltzen die Quebec-eko belaunaldi berriei eta mundu osoari nola sortu ziren Quebec-eko hizkuntz politika eta legeak, baita Quebec-eko immigrazio- eta kulturartekotasun-politika nolakoa den eta Ipar Amerikako nazio frankofono horren gai soziolingüistikoen bilakaera nolakoa izan den ere.

Urtetako esperientzia gordetzen duen altxor hori benetan gomendagarria da gure inguruko irakurleentzat.


Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendaria