Albisteak
Hizkuntza eta telebista publikoa

Zergak Valentzian ordaintzen dituen herritar bat naiz. 1986an sintonizatu nuen lehen aldiz Kataluniako telebista publikoa. Horretarako, antena bat eta zegozkion tresna teknikoak erosi behar izan nituen nire kontura.
TV3ren seinalea nobedade soziolinguistikoa zen Valentzian, gaztelania hutsezko telebista bakarrik baitzegoen ordura arte. Handik gutxira, CCRTV Kataluniako irrati-telebista publikoaren emisio horietxek nire eskualdera iritsi ziren, ACPV Valentziako kultur ekintza taldeak jarritako errepikagailuei esker. Herri bonuak erosi eta saldu nituen, TV3 Valentzia osoan ikusi ahal izateko egin zen herri kanpaina ordaintzearren. Nobedadeak auzoko antenan aldaketak egitera behartu gintuen, eta auzokide bakoitzak zegokion zatia ordaindu zuen. Bidesari kultura indartu egin zen horrela gugan, valentziarrongan. Garai berean, RTVV Valentziako irrati-telebista publikoa sortu zen. Telebista horrek bi kanal ditu: bata herriaren berezko hizkuntzan emititzen da osorik, eta bestea, herriaren hizkuntzan eta Estatuko hizkuntza ofizialean, erdi eta erdi. Baina gaztelaniazko telebista, publikoa zein pribatua, etengabe ari da handitzen, telebista pribatuei emaniko lizentziei eta teknologiaren eboluzioari esker; izan ere, teknologia gelditu gabe ari da zabaltzen, bai kablez, bai satelitez, bai eta ADSL edo mugikor bidezko telebistarekin lotutako zerbitzuen bitartez ere.
Joan den abuztuan, TV3k Valentziako Herrian egiten zituen emisio analogikoak LTDren bidez egiten hasi ziren. Udako sasoi beroenean eta inork aurrez abisatu gabe, teknologia berria irakurtzeko deskodetzaile bat erostera joan behar izan nuen korrika. Handik gutxira, herritarron diruaz erositako ACPVren errepikagailuak zigiluz ixtearekin eta intimitatean katalanaz gozatzeko aukera kentzearekin egin zigun mehatxu Valentziako gobernuak. Bien bitartean, Valentziako gobernuak berak lurreko telebista digitalen (LTDen) lizentziak eman dizkie autonomietako eta herri eta eskualdeetako telebistei, hizkuntza ofizialen erabilerari buruz inolako eskakizunik egin gabe. Horrek, Estatuko LTDekin batera, gaztelaniazko telebista emisioen gorakada ikaragarria eragingo du Valentzian.
Logikoa litzateke gaztelaniazko sektore pribatuan informazio dentsitateak gora egin izanak gorakada eragitea katalanezko sektore publikoarenean, konpentsazioen jokoa beharrezkoa baita, gizarte kohesioari eusteko. Nire ustez, katalanez emititzen diren telebista publikoek lankidetza itun bat egin beharko lukete sektore publikoa indartzeko; izan ere, sektore horretan gero eta indartsuagoak dira interes pribatuak, eta gaztelania hutsean egiten dute lan interes eta uste osoz. Horregatik, herriaren hizkuntza erabiltzen duten "merkatu audientziak" sortzeko balio beharko lukete telebista publikoek. Aurre-baldintza hori betetzen ez bada, oso zaila izango da telebista pribatuek noizbait emisioak gure hizkuntzan egitea erabakitzea. RTVV + CCRTV + IB3 + RTVE + lurreko telebista publiko digitalek kulturaren, hizkuntzaren eta ekonomiaren topaleku izan beharko lukete; era horretara, elkar indartuko lukete, eta katalanez bizi den eta barre, negar eta amodioa (ez gerra) katalanez egiten duen herrialde "posible eta normal" baten erakusle bilakatuko lirateke. Eta barkatu baina horrek, Nafarroako eta Euskadi ofizialeko autonomia erkidegoentzat, eta noski, Galizia eta Portugalentzat ere balioko du ziur asko.
Ez nago ziur gobernu horiek horretarako prest ote dauden ala ez, baina politika pragmatikoa eta posibilista dela uste dut, eta ohiz kanpoko egoera kulturaleko ezinbesteko mekanismoa, komunikazio korronte globalak eta merkatu interes aloktonoak zehazteko. Kataluniako eta Valentziako gobernuek proposatutakoak, adibidez –telebista seinaleen emisioak bi herrialdeetan ikusi ahal izatea–, estrategia handiago baten lehen pausoa baino ez luke izan behar. Duela jada hogei urte Josep Gifreuk aldarrikatzen zuen "komunikaziorako gune bateratua" ezin da kimera hutsa izan, aurrerapenerako estrategia baizik. Teknologia, behingoz, gure alde dugu.
Toni Mollà
Valentziako Unibertsitatean filologia irakaslea da
