Albisteak
Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea (NPLD): ekimen berriak, estaturik gabeko hizkuntzak eta eskualdekoak sustatzeko

Hizkuntza Gutxituen Europako Bulegoa (EBLUL) 1982an sortu zen, estaturik gabeko eta eskualdeko hizkuntzak sustatu eta babesteko. Sortu zenetik, hizkuntza komunitate askok aurrerapausoak egin dituzte hizkuntzaren galera alderantzikatzeko prozesuan, eta komunitate horietako askok autonomia politiko esanguratsua lortu dute. Autonomia horri esker, hezkuntza arloan eskumenak hartu ahal izan dituzte, eta, beraz, beren hizkuntzen garapena zuzendu eta planifikatu ahal izan dute; hori gertatu da Galesen, Euskadin, Katalunian, Galizian eta Eskozian. Horrez gain, Irlandako gaelikoa EBko hizkuntza ofizial bilakatu zen 2006an.
Hala ere, nahiz eta hizkuntza horiek aurrerapenak izan, beste batzuk gero eta baztertuago eta gutxituago daude, Frantziakoak, bereziki. Urte askoan, estatu horrek "eskualdeko" hizkuntzak errotik desagerraraztera bideratu ditu bere politikak, eta 2007an ere, nahiz eta Europako politikaren giltzetako bat hizkuntza aniztasuna sustatzea izan, ez dirudi egoera hori aldatuko denik. Besteak beste, bretoiera (UNESCOk galzorian dauden hizkuntzen artean sailkatu du), euskara, katalana, korsikera eta okzitaniera mehatxupean daude Frantzian.
EBk ezin du hizkuntza bati laguntzeko estatu baten barruan lan egin: hau da, modu sinplean azalduta, EBk ezin du estatuen barne politiketan esku hartu. Horren guztiaren ondorioz, Europan estaturik gabeko eta eskualdeko bi hizkuntza mota sortzen ari dira: autonomia politiko sendoa dutenak eta halakorik ez dutenak. Ingeniari espazial izan gabe ere erraz ondorioztatzen ahal da zergatik den autonomia handieneko tokietan hizkuntzen garapena handiagoa, eta zergatik autonomiarik ez dutenetan hizkuntzak atzean geratzen diren.
Eragile politikoek, ekintzaileek eta GKE-ek nola erantzungo diete erronka berri horiei? Hizkuntza batzuek –hala nola, katalanak–, EBko beste hizkuntza batzuen gisa, estatus ofiziala lortzeko helburua dute -gero eta hurbilago, gainera-, eta hizkuntza gutxituen ghettotik ateratzen ari dira. Beste batzuk, ordea -Bretoiera eta okzitaniera, adibidez-, bizirik irautera soilik kondenaturik daudela dirudi.
Bestalde, Europan funtsezko bi lorpen izan dira, zenbait gauzatarako lagungarriak izan daitezkeenak: mehatxupean dauden hizkuntzen ezagutza eta haien aldeko finantziazioa bideratzeko moduak abiarazteko, eta hizkuntza aniztasun benetan esanguratsua ezartzeko. Lorpen horietako bat Eleaniztasunerako komisarioaren kargua sortu izana da, eta bestea, berriz, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sare berria (NPLD) ezarri izana.
Lehenengo aldiz, Europako Komisario baten eginkizunen artean berariaz adierazten da eleaniztasunaren erantzukizuna ere baduela. Printzipio hori Europako Batzordearen orain dela gutxiko jakinarazpen batean dago jasorik, A New Framework Strategy for Multilingualism (ikus: com_com(2005)0596) izenburupean (Testuinguru estrategia berria eleaniztasunerako), bai eta Europako Parlamentuko Txosten (ikus: PE374.485v02-00) batean ere -hain zuzen ere, parlamentu horretako kide den Bernat Joan katalanak idatzi du txosten hori, gai horri buruz-. Batzordearen politika aldaketa horrek EBn giro politiko berria dagoela erakusten du; giro horretan, hizkuntza aniztasuna eta eleaniztasuna abantaila baliotsutzat jotzen dira, eta Europako gizartean sustatzen dira.
Eleaniztasunerako Batzordeko komisario Leonrad Orban-ek hauxe adierazi zuen, aurten izandako konferentzia batean: «(Eleaniztasunak) Europar Batasuneko bereizgarri izan beharko luke, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren alorretan, eta nik ahalegin guztiak egingo ditut eleaniztasunaren ekarpena EBko politiken garapenean sartzeko».
NPLDa
Hizkuntza aniztasunaren aldeko babesa gero eta handiagoa den testuinguru honetan, Europa osoko hizkuntza komunitateetako 40 ordezkari baino gehiago bildu dira, Europako hizkuntza gutxitu guztiak ordezkatuko dituen eta haien alde arituko den sarea sortzeko. Bilera horietan izandako eztabaiden ondorioz, ordezkariek Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sarea (NPLD) ezartzea erabaki dute.
Sare horren helburua honako hauek erraztea izango zela adostu zen: batetik, dauden jardunbide egokiak bateratzea, eta, bestetik, hezkuntzaren eta hizkuntza plangintzaren arloan ideia berritzaileak garatzea, eskualdeko hizkuntzentzat, hizkuntza gutxituentzat, bertako hizkuntzentzat, nazio txikietakoentzat eta gutxien erabiltzen direnentzat (RMIL hizkuntzak). Izan ere, NPLD sareak, hizkuntza plangintzako adituek osatua den aldetik, badaki hizkuntza komunitate horiekin lotutako kontu asko oso antzekoak izango direla, eta, beraz, erabat beharrezkoa dela jardunbide egokiak partekatzea hizkuntza horiek bizirik irautea eta gora egitea nahi bada. Horrez gain, NPLDk funts komun bat egin du hizkuntza sendoenen baliabideekin, ahulenei laguntzeko; Europak hori egingo zuela hitzeman zuen -gogoratu Viviane Reding-en aipua: «hizkuntza guztiak berdinak dira»-, baina ez zuen aurrera ateratzea lortu.
Eginkizun nagusia erakundeen Sare handi bati buruzko informazioa ematea izango du, RMIL hizkuntzak sustatzearekin zerikusia duten ideiak, informazioa eta jardunbide egokiak parteka ditzaten, eta, gainera, Sare horretan sartzea ere erraztuko du. Hori bereziki garrantzitsua izango da proiektuetan parte hartzeko: bateragarriak diren proiektuetarako kideak bilatzeko prozesua erraztuko du Sareak. Horrez gain, Europako hizkuntza gutxituen taldeentzat erabilgarri eta eskuragarri dauden finantziazio iturriei buruzko informazioa ere emango du.
Proiektuetan parte hartzea funtsezko elementua izango da Sareko lanerako; horri esker, Sareak kideak eskainiko ditu, aukera berritzaileak eta askotarikoak dituztenak, hizkuntza plangintzaren erronkei konponbide errealak eskaintzen dizkieten kalitate handiko elkarte paneuroparretan parte hartzeko. Kideek dagoeneko idatzi dituzte lehentasuneko eremuen zerrenden hasierako zirriborroak, baina, egiazki, Sareko kideek erabakiko dute zein izango diren lan proiektuak abiarazteko lehentasunezko eremuak.
NPLDko kideak bi mailatan banatuta daude. Batean, Zuzendaritza Batzordea dago, estatu kideetako eta eskualdeetako gobernuetako hizkuntza politikako sailek osatua, nagusiki. Beste mailan, GKEak eta interes taldeak daude, atxikitako erakunde moduan. Zuzendaritza Batzordea izango da erabakiak hartzeaz arduratuko den organoa.
Gaur egun, honako hauek osatzen dute Zuzendaritza Batzordea: galesaren eta Eskoziako gaelikoaren hizkuntza batzordeek, Irlandako Gobernuak, Bretainiako Eskualdeak, Linguamonek (Generalitatearen ordezkaria), Estoniako Gobernuak, Frisiako Gobernuak, Finlandia Suediako Parlamentuak eta Friuli Venezia Giulia eskualdeak. Epe laburrean kide gehiago izatea espero da.
NPLD hurrengo hilabeteotan hasiko da lanean modu ofizialean.
Davyth Hicks
Eurolang hizkuntza minoritarioen agentziako erredaktore burua.
