euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   «Ni ez naiz inor zure etxean sartzeko, baina...»

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-05-14 / 08:09

«Ni ez naiz inor zure etxean sartzeko, baina...»

familia.gif

«...nahi baldin baduzu, badakit nola egin dezakezun». Uste dut esaldi hori ez dela justu-justu horrela, baina, tranpa txiki hori eginda, balio duela euskara (euskaldunok) normalizatzeko ahaleginetan dihardugun hainbat lankideren kezka azaltzeko.

Iruditzen zait ia guztiok gaudela ados normalizazioaren helburua (eta bidea) erabilera dela aitortzerakoan. Gehienok errepikatzen dugu hori, izan euskara familia bidez transmititzeaz hitz egiten dugunean, izan administrazio edo enpresa arloko planetaz dihardugunean, izan gazteez edo aisiaz ari garenean.

Denok esaten dugu azken hogei urte hauetan euskarazko gaitasuna asko hedatu dela, baina erabilera ez hainbeste...

«Zer» badakigu (erabilera), baina «nola»?

Albert Bastardas soziolinguista katalanak horrela idatzi zuen 1988an (La normalització lingüística: l'extensió de l'ús): «...el futur del procés de normalització es juga fonamentalment en les comunicacions institucionalitzades, que són les que poden determinar, en darrera instància, el canvi dels usos lingüístics individualitzats de la població global (205 or.)» (normalkuntza prozesuaren etorkizuna komunikazio instituzionalizatuetan jokatzen da batez ere, haiek erabakitzen baitute, azkenean, populazio globaleko norbanakoen hizkuntza erabileraren aldaketa).

Ikuspegi horren arabera, adibidez, irakaskuntza euskalduntzeak, euskarazko gaitasuna handitzeaz gain, euskara gehiago erabiltzea ondorioztatuko luke, bai erabilera «instituzionalak», bai «indibidualak».

Kontuak, ordea, ez zaizkigu ondo ateratzen eta jabetzen ari gara, erabilera instituzionalizatu horiek baino gehiago, agian, harreman interpersonaletako hizkuntzak, norberaren gertuko harreman-sareko hizkuntzak alegia (familiako hizkuntzak, lagunen artekoak, lankideen artekoak...) baldintzatzen duela gehien, oro har, norberaren hizkuntza-erabilera eta hizkuntza-gaitasuna.

Baina, euskararen erabilera normalizatzea helburu izanik ere, eragin behar al da harreman-sare informal horietan? Eta, baiezkotan, nork? nola?

Katalunian ere, beste toki gehienetan bezalatsu, oinutsik ibiliko dira zakurrak, baina gai hau eztabaidagai behintzat badarabilte. 2001ean egin zituzten Jornades d'Estudi sobre l'Ús Interpersonal Bartzelonan eta 2003an Grup Català de Sociolingüísticak jardunaldi horretako ponentziak argitaratu zituen bere Treballs de Sociolingüística Catalan aldizkariaren 17. zenbakian L'ús oral del català. Dades, reflexions i propostes izenburuarekin.

Ponentzia interesgarriak daude. Familia barruko zein kanpoko hizkuntza-erabilera interpertsonalen egoeraren berri emateaz gain, (Els límits de) la intervenció en l'ús privat de la llengua edo El foment de l'ús interpersonal de llengües minoritzades. Tipologia de programes gisako izenburu erakargarriak irakur daitezke.

Ni gai hori arakatu beharra daukagula pentsatzen dugunotakoa naiz. Ez «inoren etxean sartzeko asmoa dudalako», baina bai harreman-sare informaletako hizkuntza-ohiturak aldatu «nahi dituzten pertsonei nola egin dezaketen» eskaintzeko modua prestatuta eduki behar dugula pentsatzen dudalako.

Norbait jardunaldi batzuk antolatzeko asmotan baldin badabil eta gaia falta baldin badu, bat badu.


Iñaki Arruti
Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria