euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Emozioaren lekuko

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-04-16 / 08:05

Emozioaren lekuko

korrika.gif

Emakumezkoak omendu nahi izan ditu aurten Korrikak. Karrantzan hasi eta Iruñean amaitu den 15. edizio honek euskararen transmisioan emakumezkoak egin duen ahalegina eta esfortzua izan ditu, batik bat, gogoan. Hiru belaunalditako emakumeak, amona, alaba, eta biloba, ikusi ditugu herri askotan lekukoa eramaten. Gerra ondorengo lan isila -familia barrukoa eta ezkutukoa-, gaur egungo aldarrikapen ozen eta zabalarekin uztartuz.

Hernanin izan dut Korrikan parte hartzeko aukera. Larunbat eguerdiarekin egokitu da aurten, «txotx» denboraldiaren erdi-erdian. Hasi Mandazubitik eta, herriko kaxkoan bi buelta emanda, Ergobiraino, hogeita hamar kilometro zeuden banatuta herriko talde, elkarte eta erakundeen artean. Aurrez entrenatu ez ginenok eskertu genuen kilometroak 1.000 metro baino gutxiagokoak izatea.

Dobera Euskara Elkarteak Zinkoeneatik goraxeago hartu zuen lekukoa Atsegindegi plazaraino eramateko. Mairak eraman zuen lekukoa Dobera Euskara Elkartearen izenean. Neska gazte ekuadortar honek kanpotik etorri berriak diren beste dozena bat lagun inguruan zituela egin zuen ibilbidea. Hamaika batuaz izeneko egitasmoan parte hartzen duten gazteak dira. Etorri berri hauei euskara maila sendotzen eta herriko jardueretan integratzen laguntzen diete Doberako beste gazte euskaldun batzuek.

Gaztelaniaz hitz egiten du Mairak, baina ez dakit zein izango den Mairak gurasoengandik jaso duen hizkuntza. Eta nork daki zein izango den neska honek bere ondorengoei transmitituko dien hizkuntza. Dakidana da ziztu bizian eta irribarrea galdu gabe eraman gintuela Atsegindegi plazaraino, eta ondo gordeko duela bere albumean Hernanin egin zuen korrika saioan, lekukoa eskuan eta zientoka jende atzean zuela, atera zioten argazkia. Seguru etorkizunean emozioz gogoratuko duela egun hura.

Emozioen kudeaketa, adimen emozionala, emozio ekologia bezalako kontzeptuak gero eta balio eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen gizarteko arlo desberdinetan. Mundu mailako autore asko -Daniel Goleman psikologo amerikarra da agian ezagunenetako bat- ari dira emozioen gaia ikertzen, emozioek pertsonon jarrera eta jokamoldeetan duten eragina eta garrantzia aztertzen.

Enpresa munduan, irakaskuntzan, eta beste arlo askotan ari dira adimen emozionalaren inguruko ikastaroak antolatzen. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Berrikuntzarako eta Gizarte Jakintzarako departamentutik, Buruntzaldeko hainbat ikastetxetako irakasle eta gurasoei eskaini berri dizkie era honetako ikastaro batzuk.

Ez zen gai hauetaz hitz egiten Korrikaren lehen urte haietan. Eta Korrika bezalako ekitaldiek sinbolikoegiak izateko arriskua ez ote zuten ere esaten zen zenbait gunetan. Baina pertsonak garen neurrian, emozioek mugiarazten gaituzte hein handi batean, eta horixe da korrikaldi honekin gertatzen zaiguna, oilo-ipurdia jartzen baitzaigu parte hartzen dugun bakoitzean. Hamabosgarren aldiz egin dugu korrika euskararen alde, eta segitzen du emozionantea izaten.


Malores Etxeberria
Hernaniko Udaleko euskara teknikaria.