euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   UNESCOren Kultur aniztasunari buruzko hitzarmena indarrean dago

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-04-02 / 07:30

UNESCOren Kultur aniztasunari buruzko hitzarmena indarrean dago

irratia.gif

UNESCOren Kultur Adierazpenen Aniztasuna Babestu eta Sustatzeko Hitzarmena balio ofiziala hartu zuen martxoaren 18an, 2005eko urrian egindako XXXIIII. batzar nagusian hura onartu eta bi urte eskasera. 30etik gora estatuk berretsi dute hitzarmena, eta berrespen hori hain azkar gertatu izanak ederki erakusten digu nazioartean zer-nolako interesa dagoen mundu osoko merkatuko kultur produktu eta zerbitzuen izaera berezia babestuko duen tresna juridiko bat sortzeko, munduko kulturen artean hartu-eman orekatuak lortzearren.

Hitzarmena nazioarteko merkataritzako itunetan ezinbestean aintzakotzat hartu beharreko erreferentzia izango da aurrerantzean, eta MMEko (Merkataritzako Mundu Erakundea) itunen barruan hartutako alde biko nahiz alde askotako konpromisoen indar berdina izango du. Horregatik, berebiziko eragina izango du ikus-entzunezkoen merkatuan. Hedapen kuoten gaineko arauek eta zinemako, irratiko nahiz telebistako ekoizpenei laguntza zuzena emateko neurriek nazioarteko erreferentzia esparru bat izango dute hemendik aurrera. Erabateko desarautzearen aldekoek besterik nahi zuten, baina multimediako korporazio handiek merkatu osoa beren kultur eskaintzarekin betetzea eragiten zuen horrek.

Beste batzuetan esan izan dugunez, hitzarmen honek herri bakoitzeko erakundeek, beren eskumenak gauzatuz, beren kultur ekoizpenak eta beren kulturaren hedapena babesteko bultzatzen dituzten kultur politikak legeztatzeaz gain, «jarduera, ondasun eta zerbitzu horietan erabilitako hizkuntzari buruzko xedapenak» ere ematen dira, 6.b artikuluan. Aniztasuna errespetatzeko ohitura gutxi duen gurea bezalako enpresa giroan gogora ekarri behar dugu Kanadako lege federalek bertako kultur ekoizpena zabaltzeko kuota batzuk ezartzen dituztela. Kuota horiek % 60tik gorakoak dira bertako kultur produktuentzat eta, horrekin batera, hizkuntz kuotak ere badituzte. Quebecen ikus-entzunezko produktuen % 60 frantsesez izateko agintzen dute kuota horiek.

Erregimen konstituzional bateratu nahiz ez bateratuei buruz diharduen 30. artikuluan jasotako xedapenak Espainiako Estatuaren baitan nola interpretatuko diren argitzeke dago oraindik. Artikulu horretako (b) atalaren arabera, «unitate -estatu, herri, probintzia nahiz kantoi- bakoitzeko eskumeneko agintariek» Hitzarmeneko xedapenak formalki onartzea suposatzen da aurretiaz.

Estatuko kultur komunitate bakoitzeko autogobernuetako erakundeek behar beste ardura eta ekimena erakutsi beharko lukete hau bezalako esparru garrantzitsuan jarduteko garaian, esparru honek berebiziko garrantzia baitu kulturen etorkizunerako, batetik, eta kultur merkatuak gero eta indar ekonomiko handiagoa duelako, bestetik. Era berean, kultur sektoreen -sortzaile nahiz kontsumitzaileen- ordezkaritzak ez luke SGAEren esku egon beharko bakarrik, egile eskubideak kudeatzea baita haren lana, azken batean.

Hala, interesgarriak dira Ivan Bernierrek eta Hélène Ruiz-Fabrik Hitzarmenaren aplikazioari buruz egindako txostenean jasotako oharrak.


Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendaria