euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Katalanezko eta euskarazko proiektuak finantzatzeko aukera berriak.

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-03-06 / 07:00

Katalanezko eta euskarazko proiektuak finantzatzeko aukera berriak.

kontseilua.gif

Ministroen Kontseiluak 2006ko azaroaren 14an onartu zuen Europar Batasuneko hezkuntza eta prestakuntza programak (Comenius, Sócrates, Grundtvig eta Leonardo da Vinci) biltzen dituen programa berria, «Lifelong Learning programme» (LLP) izenekoa, eta hamar egun geroago argitaratu zen Aldizkari Ofizialean (helbide honetan dago gaztelaniazko bertsioa: eur-lex.europa.eu). Programa 2007ko urtarrilaren 1ean jarri da indarrean, eta argitaratu dira lehen deialdiak EEAOn. Helbide honetan daude deialdia eta gainerako agiriak: ec.europa.eu.

Deialdiak berritasun handi bat dakar katalanentzat, euskaldunentzat eta Europar Batasuneko erakundeetan ofizialak ez diren gainerako hizkuntzetako hiztunentzat. Lingua programa bertan behera geratu da, eta hizkuntzekin lotutako jarduerak sektoreko programetan jaso ditu LLPak. Hala ere, ez da hori berritasun handia, hau baizik: kendu egin da geure hizkuntzei dirulaguntzak emateko aukera ukatzen zuen zerrenda; beraz, badirudi hizkuntza horiek europar funtsak eskuratzeko aukera izango dutela aurrerantzean. Horrez gain, zehar programa batek berariaz lantzen du hizkuntzen gaia, eta, besteak beste, aukera ematen du "alde anitzeko proiektuak" aurkezteko; esaterako, hizkuntza aniztasuna sustatzen duten programak, "eskualdeko edo gutxiengo hizkuntzak" barne direla. Beste atal batek finantziazioa emango die hizkuntzei buruz diharduten sare europarrei; adibidez, eleaniztasunari eta kulturartekotasunari buruzko katedrak sortzen dituzten unibertsitateei. Eta, azkenik, programak laguntzak ematen dizkie hizkuntza proiektuei balioa emateko eta horien komunikazioa lantzeko neurriei.

Hain zuzen, Casa de les Llengües - Linguamón etxeak eta UOC erakundeak izenpetu berria dute hitzarmen bat, Eleaniztasuneko Katedra bat sortzeko, eta Isidor Marí irakaslea izendatu dute katedra horretako zuzendari. Kataluniako gobernuak bultzatutako ekimen interesgarria da Casa de les Llengües - Linguamón, eta hauek dira haren hiru helburu nagusiak:

  • Munduko hizkuntzen iraupena, erabilera, aitortza eta ikaskuntza sustatzea, aurrerabide ekonomikoak eta sozialak arriskuan jar ez ditzan. Bestela esanda, hizkuntzen iraunkortasunaren esparrua lantzen du.
  • Laguntza ematea hizkuntzek Interneten bidea egin dezaten eta komunikazio eleaniztunak egiteko baliabide teknologikoak bultzatzea; hau da, eleaniztasuna ziberespazioan deiturikoa lantzea.
  • Lurralde edo pertsona talde berean hizkuntzen bizikidetza errazteko ereduak nazioartean jakinaraztea, edo, bestela esanda, eleaniztasunaren kudeaketa zabaltzea.

Katedra sortu berriaren xede dira, besteak beste, eleaniztasuna jorratzen duten katedren eta zentro espezializatuen sare bat sortzea, eta hitzaldien zikloak antolatzea, ikertzaile eta pentsalari handiek adierazitako hiru ardatzetako bati buruzko hausnarketa susta dezaten.


Miquel Strubell
Hizkuntzen eta Kulturen Ikasketetako irakaslea Universitat Oberta de Catalunya-n