euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Arazo linguistikoa: pertzepzio interesgarri bat

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2007-02-02 / 07:23

Arazo linguistikoa: pertzepzio interesgarri bat

etorkinak_hizkuntza.gif

Zalantzarik gabe, hizkuntza normalizazioko prozesu bati ekitean ebatzi beharreko auzi nagusietakoa da, munduaren alde honetan, etorkinen integrazio soziolinguistikoari nola heldu.

Balear uharteen kasuan –nahikoa hedagarria bestalde, katalanez mintzatzen diren herrialdeetan bederen–, herritar berriak oso bizkor heltzen ari zaizkigu. Ikasturte honetan, Balearretan, bost mila ikasle iritsi berri baino gehiago sartu dira gure hezkuntza sisteman. Ildo bakarreko hezkuntza sistema batean, non katalana irakaste hizkuntza gisa normaltasunez erabiltzen baita, gaztelaniarekin eta, gero eta gehiago, ingelesarekin batera, hizkuntzen ikaskuntza funtsezkoa suertatzen da ikasle berriak hezkuntza sisteman erabat txerta daitezen. Eta (hainbesteko ikara eragiten omen duen) eskola porrota saihesteko guztiz ezinbestekoa da.

Hain gutxi autozentratua dagoen gurea bezalako gizarte batean, pentsatu ohi da estatuko hizkuntza ofiziala ez den beste hizkuntza bat egotea oztopo bat izan daitekeela munduko beste alde batzuetatik gurera heltzen diren etorkinentzat. Bitxia da, nolanahi ere, Balear uharteetako toki guztietan ez dela katalanaren existentzia modu berean hautematen.

Teorian, hizkuntza arazo bat bada ikasle berrien ikaskuntza bermatzeko orduan, haren presentzia (hala hezkuntzaren arloan nola bizitza publikoan) zenbat eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa behar luke, halaber, arazoak. Pertzepzioei buruz aritzean, bestalde, kontuan izan behar dugu ikasle berrien portzentaje handi bat espainiar estatuko hizkuntza ofizial baten hiztunak direla (gizarte mailan Balearretan nagusia den hizkuntza, gainera). Horientzat gaztelaniadun ez direnentzat baino bitxiagoa gerta liteke katalanaren existentzia eta hizkuntza horrek hezkuntza sisteman duen lekua.

Testuinguru horretan, hizkuntza arazo iturri izateari buruzko pertzepzioak aurreiritzirik ezean pentsa litekeenaz guztiz alderantziz jokatzen du: hizkuntza minorizatuaren erabilera zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta arazotsuagoa gertatzen da, eta ez hain arazotsua haren gizarte erabilera bermatuagoa dagoenean. Horren haritik, Balear Uharteetako Gobernuaren Hezkuntza Kontseilaritzak egindako inkesta baten arabera, etorkinen artean hizkuntza elementu arazotsutzat hautematen da bereziki Eivissa, Palma edo Calvian (non katalanaren erabilera txikiagoa baita) eta, aldiz, ez da elementu arazotsutzat jotzen hizkuntzaren erabilera handiagoa den alderdietan (Mallorcako barnealdea, Menorcako uhartea...). Eivissan, galdekatutakoen arteko % 60 baino gehiagorentzat hizkuntza da etorkinak hezkuntza sisteman txertatzeko orduan lehen arazoa; Mallorcako uhartean, portzentajea jaitsi egiten da –% 40 baino gehixeago–, eta Menorcan portzentaje hori hutsa da.

Normalizazio maila eta auzi linguistikoa "arazo izatea" alderantziz proportzionalak dira. Ingalaterra edo Alemaniako etorkinek ez dute ingelesa edo alemanaren ikaskuntza beraien integraziorako oztopo larri gisa ikusten. Areago, Flandes bezalako herrialdeetan nederlanderarako integrazioa ia automatikoa da. Hizkuntza minorizatua «inposatzen» saiatzea arazo iturri da minorizatze hori bortitza den neurrian.

Beraz, bere eremu linguistikoaren barruan minorizatze egoera pairatzen duten hizkuntzak ditugun lekuetan, hizkuntza arazo izan ez dadin antidoto bat besterik ez dago: hizkuntza minorizatu horiek erabilera arrunteko hizkuntzak bihurtzea. Edo, gutxienez, hori da Europara lehenengoz heltzen diren etorkinen pertzepziotik ondorioztatzen dena.


Bernat Joan i Marí
Soziolinguistikan aditua eta Europako Parlamentuko diputatua