Albisteak
Québec-ek UNESCOrako ordezkaritza zuzena lortu du Kanadatik

Aurreko artikulu batean aipatu genituen Quebec-eko gobernuak negoziazioak zabalik zituela UNESCOn zuzeneko ordezkaritza lortzeko, eta horrek bazuela interesik katalan edo euskal kulturarentzat.
Joan den maiatzaren 5az geroztik, Quebec-ek eta Kanadak lotu duten hitzarmenaren bitartez, Kanadak aitortu egiten du -hitzaurrean dioen gisan- Quebec-en hizkuntza et kultur berezkotasuna, eta aitortzen du baita ere nazioarteko esparruetan present izan behar duela, barne desberdintasunak eta Quebec-en nortasun berezia onartzeko gai den federalismo ireki eta asimetrikoaren izpiritua aintzat harturik.
Beraz -dio 1. puntuak-, hemendik aurrea Quebec-ek ordezkari iraunkorra izango du Kanadak UNESCOn duen ordezkaritzaren barne, kontseilari mailakoa, eta Quebec-eko gobernuaren ordezkari gisa aurkezten ahal izango du bere burua, betiere Kanadako Ordezkaritza Iraunkorraren barnean. Txostenak Quebec-eko Nazioarteko Harremanetarako Ministerioari egingo dizkio eta lotura estua izanen du kanadar ordezkaritzarekin, haren enbaxadore-ordezkaria baita ordezkaritza osoaren batasunaren erantzule. Bi gobernuok UNESCOn egindako guztiaren gaineko informazioa partekatuko dute, baita eragindako gastuak ere.
Hitzarmenaren 2. puntuak xedatzen du Quebec-eko gobernuak nahi duen lan, bilkura eta konferentzia guztietan izango dela partaide kanadar ordezkaritzan, ordezkaritza buruaren mende, baina betiere mintzatzeko eskubidea gordeta, Quebec-eko jarrera eta ahotsa entzunarazteko.
Hirugarren puntuaren arauz, Kanadak eta Quebec-ek elkar hartuko dute UNESCOk eman dezakeen bozka, ebazpen, negoziaketa edo nazioarteko tresna proiektu ororen gainean. Bat etortzen ez badira, Kanadak bere jarrera azaldu beharko du eta Quebec-ek bere eskumenen arabera erabakiko du. Quebec-i dagokionez, adituei aholku eskatzeko sistema propioa izango du eta aholku horien emaitzak Kanadari emango dizkio, hark UNESCOn aurkezten dituen txostenetan jaso ditzan.
Halaber, Kanadako gobernuak hitz ematen du Quebec-ek ordezkari bat izango duela UNESCOrako Kanadar Batzorde Komite Betearazlean, eta bi gobernuok elkarrekin lan egingo dute UNESCOn federatutako estatuen partaidetza bideak hobetzearen alde.
Hitzarmenak ez du azalpen luzerik behar, baina azpimarra ditzagun, gutxienik, bi alderdi:
- Quebec-eko gobernuak irmotasun eraginkorra erakutsi du nazioarteko esparruetan partaidetza egokia izateko, batik bat erabakigarri diren alorretan, hezkuntza eta kultura adibide. Gogora dezagun aurki izango dela indarrean Kultur adierazpenen aniztasuna babesteko eta sustatzeko UNESCOren hitzarmena, kultur eta hizkuntza politikak zilegiztatuko dituena, MMAk merkataritza librearen esparruan emandako erabakien aurka. Hil ala biziko auzia, hori ere, gure gisako kulturentzat.
- Kanadako gobernu federalak dotorezia demokratiko handiz jokatu du, zentzuzko eta ezinbesteko eskakizun hori ongi bideratzen jakin baitu; alde ederra dago, Espainian gisa horretako planteamenduek pairatu ohi duten aurkako blokatze jokabideen aldean.
Batzuek gehiegitan begiratzen omen dugu Quebec aldera. Beste batzuek, berriz, hobe lukete aldian behin hara begira jarriko balira.
Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendaria
