Albisteak
Katalunia UNESCOn sartzeaz

Bada Kataluniaren aitorpenean gauzatu gabe dagoen gai bat: UNESCOn zuzenean sartu eta nazioarteko foro horretan bere hitza entzunarazi ahal izatea. Badirudi, ordea, Estatutu berriaren proiektuak leihoa zabaltzen diola aukera horri. Izan ere, honela dio 199. atalean (nazioarteko erakundeetan parte hartzeari burukoa): «Generalitatek nazioarteko erakunde eskudunetan parte hartu behar du, Kataluniarentzat interes handikoak diren gaietan, batez ere UNESCOn eta beste kultur erakunde batzuetan, indarrean dagoen araudiak ezarritako moduan».
Egun, Quebec ere antzeko zerbait ari zaio eskatzen Kanadari, eta aldiberekotasun hori oso adierazgarria da. Quebec-eko Gobernuak, 1999ko martxoaren 24an, gai horri buruzko adierazpen bat egin zuen; bertan, Amerikako herrialde frankofono bakarra den aldetik, nazioarteko foroetan ordezkaritza eduki behar duela aldarrikatzen zuen, eta egungo mundializazio prozesuaren ondorioz gertatzen ari diren aldaketak erabiltzen zituen premia larri hori arrazoitzeko. 2005eko irailean, Quebec-eko Gobernuak zehatzago berretsi du eskaera hori. Eta, gure aburuz, nabarmena da Katalunia eta Euskadirentzat are nahitaezkoagoa dela UNESCOn egotea, bertan ez baitago eremu linguistiko eta kultural hauen inolako ordezkaririk, nahiz eta eremu hauetan lan asko egin diren UNESCOrekin lankidetzan.
Kataluniako Estatutu berria dela-eta, mahai gainean jarri da, berriro ere, UNESCOn sartzeko biderik egokiena zein den argitu beharra. Eta gauza bera gertatu da Quebec-en: hainbat mahai-inguru egin baitituzte gai horri buruz. Gaur egun, UNESCOren Konstituzioaren II.3 atalak arautzen du lurralde ez subiranoek erakunde horretan parte hartzeko duten aukera. (Ikus Funtsezko testuak). Izan ere, Konstituzioaren atal horretan, Elkarteko Kide izateko baldintzak arautzen dira: dagokion Estatu Kideak UNESCOren Konferentzia Nagusiari egin behar dio eskaera (hurrengoa 2007ko udazkenean da egitekoa), eta hark bi hereneko gehiengoz onartu behar du. Ez da, beraz, prozesu erraza: gehiengo hori lortzeko aurretik egin beharreko negoziazioetan ardura handirik gabe jokatzea erabakigarria izan daiteke aldeko behar beste boto ez jasotzeko, eta horrek, egindako itxaropenak zapuzteaz gainera, aitzakia emango lieke batzuei egungo bazterketari eusteko.
Bestalde, Elkarteko Kidearen estatutua (hori ere Funtsezko testuetan irakur daiteke) lortuta ere, muga nabarmenak izaten dira, Elkarteko Kide izateak ez baitakar berarekin Konferentzia Nagusian edota bertako batzorde eta komiteetan botoa emateko eskubidea.
Oso argigarriak dira, testuinguru honetan, Quebec-eko Gobernuak Kanadari egindako eskaerak: Kanadak goragoko instantziekin egiten dituen negoziazioei buruzko informazio guztia jasotzeko aukera izatea, bai eta negoziazioetan parte hartzekoa ere; Kanadaren ordezkaritzan parte hartzea, Quebec-eko ordezkariak Quebec-ek berak aukeratuta; foro horietan bere iritzia zuzenean eman ahal izatea, berari dagozkion gaiak badira; eta Kanadak Quebec-en eragina izango duten akordioak sinatu aurretik, alde nahiz aurka dagoen adierazteko eskubidea aitor diezaiotela.
Merezi du, bai, eredu hori aintzat hartzea, ez dezagun inozo jokatu, UNESCOko negoziazioetan aritzeko ordezkaritza osoa Espainiako ordezkariei utziz. Izan ere, gerta daiteke, Europar Batasunean katalanaren ofizialtasuna aitortzearen auzian bezala, errazegi jotzea hizkuntz eta kultur berdintasuna "ezinezkotzat".
Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen Zuzendaria
