euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Katalana eta sevillanak

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2006-02-15 / 13:10

Katalana eta sevillanak

franciscojosehernando.gif

Katalana jakitea eta sevillanak berdindu ditu Auzitegi Gorenaren presidente Francisco José Hernandok. Zolitasun intelektual ikaragarria duen argumentua da; ezin zitekeen bestela izan.

Azken urteotan, bi gauza erakutsi behar dira espainiar gizartean gora egiteko: espainolismorik trinkoena eta pobrezia intelektualik sakonena. Hernandok, gainera, beste gaitasun berezi bat ere erakutsi du: aldi berean andaluzak eta katalan hiztunak iraintzeko gaitasuna. Jenio handia, Hernando delako hori; eta, beraz, etorkizun distiratsua du zain Estatuaren goi instantzietan, edo hain fina den Georgetown-eko berritsuen klaustroan.

Hainbesteko intelektualtasunaren aurrean, beti agertzen zait zalantza cartesiar bera: eta, behingoagatik, berorren gorentasunak arrazoi badu? Onartzen dut nire ahultasuna. Baina iritzi katedralizioek nire gutxiagotasun konplexu baserritarra azaleratzen dute. Bi egun lorik egin ezinik eman ondoren, ondorio ukaezin batera iritsi naiz: Francisco José kideak arrazoi osoa du; ezta santua balitz ere!

Ez gaitezen gehiago engaina. Katalana eta euskara ez dira ezaugarri folklorikoak baizik: gure arbasoek hutsaltzen ari den mundua adierazteko oinordetzan utzitako kode sakratuak dira; Espainiako erdialdeko goi lautadako eta belardi handietako «aurpegi zurbilek» argitu ezin dituzten kode kriptikoak. Gure hizkuntzak zaindariaren eguna edo autonomia erkidegoetako futbol selekzioen garaipena (El Lobo turroiek bezala, Gabonetan soilik jokatzen dute) ospatzeko erritual bihurtutako praktikak baino ez dira. Gure hizkuntzak, egiaz, orainean bizirik dirauen iraganaren instituzioak dira, orainean bizirik dirauen baina etorkizunak zehazten duen eremutik kanpo geratzen den iraganarena; hau da, merkatutik kanpo. Oso instituzio kuttun eta handitzat har ditzakegu, baina malenkonia kaltegarriz betetako sentimendu erromantikoek elikatzen dituzte. Lupetzera atxikitzen gaituzten sustraiak dira. Sevillanak bezala. Gabonak bezala.

Hernando jauna ordezkari duen pentsamendu horri aurka egiteko modu bakarra diagnostikoak adierazitako larritasunari dagokion hizkuntza politika prestatzea litzateke. Eta helburu garbi bat izan behar du: gure hizkuntzak ikertu eta aintzakotzat hartu beharreko gaitzat jotzeari utzi, eta gizarte eta ekonomia bazterketaren funtsezko elementu bihurtzea; izan ere, hori da hizkuntza bizi ororen funtzio nagusia, baldin eta txipen, kableen eta sateliteen, OPA areriotsuen eta deslokalizazioen artean bizirik irauteko aukeraren bat izan nahi badu. Ekoizleentzat eta kontsumitzaileentzat. Jatorrizkoentzat eta jatorri aloktonodun hiritar berrientzat. Inolako bereizketarik eta salbuespenik gabe. Enpresan, iragarkietan eta erosketa txartelean. Gure hizkuntzek sevillanen moduko elementu folkloriko izateari utzi behar diote. Horretarako, ez da nahikoa adin nagusitasuna duen estatutuak nazioa garela aldarrikatzea; edozein hizkuntza nazionalek betetzen dituen bazterketa funtzio berak bete behar dituzte gure hizkuntzek gure gizarte egituretan; hau da, gaztelaniak, frantsesak, suedierak edo nederlanderak betetzen dituztenen parekoak. Eta gainerakoa, klasikoak zioen moduan, literatura da; eta bada zerbait, irain gisa esana bada ere, iraina literatur azpigenero bat baita. Eta oso espainiarra, gainera.

Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea