euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Hizkuntza Paisaiari buruzko Laborategia

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2006-02-10 / 11:20

Hizkuntza Paisaiari buruzko Laborategia

Laborategia.jpg

Gipuzkoako udalerrien ezaugarrietara egokitutako aholkularitza zerbitzua da Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusiak sustatzen duen TEKNIKARI programa. Hizkuntza normalizazioak egun Gipuzkoan eskatzen dituen proiektu eraberritzaileetarako aholkularitza lan horrek, SIADECO Ikerketa Etxearen gidaritza teknikoa du. TEKNIKARI programaren proiektuetako bat, Hizkuntza Normalkuntzarako Esperientzia Berrien Laborategia da, hain zuzen ere.

Laborategiko egitasmoarekin, udaletako hizkuntza normalkuntzako teknikariek euren herrietako errealitatearekin kontaktu zuzena izan eta hizkuntzen biziberritze prozesuetan garrantzitsuak diren gaien esperimentazio lan bat egitea planteatu da; beti noski, herri bakoitzeko hizkuntza errealitateak dituen berezitasun eta aniztasunak ezagutzeko, oinarri teknikoa duten irizpideak jarraituz.

Hizkuntza Paisaiaren Laborategia 2005ean jarri zen martxan, gai honek udaletako hizkuntza normalizazio prozesuetan funtsezkoak diren faktoreetara hurbildu eta horien inguruan esperimentatzeko aukera eskaintzen duelako.

Honako hauek dira proiektu honetan parte hartzen ari diren 5 udalerriak: Aretxabaleta, Arrasate, Errenteria, Legazpi, Zumarraga.

2005eko martxotik hona, Hizkuntza Paisaiaren egitasmoa gidatu eta sustatzen ari diren eragile eta bereziki udaletako hizkuntza normalkuntzako teknikariek egindako lanari esker, baliabide eta tresna metodologiko desberdinak diseinatu eta aplikatu dira dagoeneko proiektu honetan:

  • Bost udaletako, Foru Aldundiko eta SIADECOko teknikarien arteko bilera presentzialak.
  • Proiektuaren marko teoriko metodologikoari buruzko dokumentu eta eskuliburuak.
  • Hizkuntza paisaiaren inguruko informazio bilketarako teknika kuantitatibo eta kualitatiboak.
  • Zuzeneko komunikazio pertsonalizatua, laguntza eta aholkularitza tekniko jarraitua parte hartzen ari diren udaletako euskara teknikariekin.
  • Bildutako informazioaren tratamendua: transkripzioak, depurazioak, mapifikazioak…

2006ko ekaina bitartean, TEKNIKARI programaren barruan, Hizkuntza Paisaiaren Laborategiaren esperientziari jarraipena emango zaio. Proiektu honek aurrera egiten duen neurrian, esperimentazio prozesuaren sozializaziorako proposamenak planteatuko dira.

Proiektu honetan interesa baduzu, Euskara Normalkuntzako Zuzendaritza Nagusi honekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaitugu, telefonoz edo euskara2@gipuzkoa.net helbidearen bidez.