euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Frantziako hizkuntzen aldeko legealdi baten bila: helmugarik gabeko lasterka

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2006-01-17 / 12:25

Frantziako hizkuntzen aldeko legealdi baten bila: helmugarik gabeko lasterka

republiquefrancaise.gif

Ezaguna da legealdi mesedegarri bat biziki garrantzitsua dela hizkuntza gutxitu bat laguntzeko, jakinez legealdi onuragarria ukanik ere hizkuntza bat mehatxatua izan daitekeela. Hizkuntzaren estatutuari dagokionean, ofizialtasuna hizkuntzaren aldeko estatutu juridiko baliagarria izan daiteke ere.

Frantzian horretarik urrun daude. Honela, oztopoz oztopo, Frantziako hizkuntza propioek ofizialtasun izpirik ez dute oraino eskuratu, frantsesak ez ezik. Ikusiko dugun bezala, hizkuntza horiei buruz indarrean diren lege edo testu juridiko orok irakaskuntzarekin zerikusia dute.

Ondorengoak dira, laburbilduz, eskualdetako hizkuntzen aldeko legeak, onuragarriak ez direnak baztertuz. Azken horiek, noski, frantsesa aterpetzeko eta sostengatzeko eraikiak izan dira, baina Frantziako beste hizkuntzen aurka sistematikoki erabiltzen dira.

Tokiko hizkuntza eta dialektoen irakaskuntza (1951), Deixonne lege delakoa (51-46 zenbakidun legea). Lege horrek lehen aldiz «tokiko hizkuntzen eta dialektoen ikastea» baimentzen zuen (1. artikulua). Baina irakaskuntza hori nahierarakoa zen (3. artikulua) eta hori ordudanik ezta sekula aldatu. Astean oren bateko jardunaldia kudeatzeko eskubidea aitortzen zuen.

Hezkuntzarekiko 1975ko uztailaren 11ko legea (1975), Haby lege delakoa (75-260 zenbakidun legea). Lege horrek eskolako betebeharrak, irizpide orokorrak, doakotasuna eta abar finkatzen zituen. Lehen tituluko 12. artikuluan hau irakur daiteke: «Eskualdetako hizkuntzen eta kulturen irakaskuntza eman daiteke eskolatze osoan zehar». Ez du ezer gehiago aipatzen Frantziako hizkuntzei buruz.

Harrezkero hizkuntza horien irakaskuntza arautzeko dekretu batzuk onartu dira. Frantses konstituzioari frantsesari buruz gehitu zaizkion emendakinak izan dira; lege berririk ez, ordea. Saio ugari izan da noski beste hizkuntzen aldeko lege bat eskuratzeko edo Eskualdetako Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen aldeko Europako Gutuna onesteko. Esan behar da Frantziak 1999an Eskualdetako Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen aldeko Europako Gutuna izenpetu eta ez duela sekula praktikan erabili, jakinez Europar Batasunean sartzeko herri hautagaiek hitzarmen hori izenpetu eta onetsi behar dutela. Azken bost hamarkada horietan berrogeita hamar bat lege proposamen aurkeztu dira. Zenbait eztabaidatu dira, baina bat bera ere ez da onartu. Hona interesatzen zaizkigun azken bi adibide.

Euskararen estatutuaren eta irakaskuntzaren problematika juridikoa deitzen den txostena (2004-09-23). Ipar Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eskatutakoaren arabera, Franck Moderne lege kontuetan adituak ikerlan bat kudeatu zuen «euskararen egoera juridikoa eta haren irakaskuntzaren ahalezko bilakaera» zein ziren aztertzeko. Emaitzak biziki xumeak izan dira eta 2003ko «dezentralizazio» legeak emandako ahalbide berriak ez daude argi. Azkenik lan hori ez da publikoki aurkeztu.

Itzulinguru labur hau bukatzeko hau da azken lege proposamena, Daniel Mach Ekialdeko Pirinioetako diputatuak egin duena: Eskualdetako Hizkuntzen eta Hizkuntza Gutxituen Gutunarekiko konstituzio lege proposamena (Batzar Nazionala, 2 517 zenbakia, 2005-09-09). Aitzinsolas baten ondotik, artikulu bakar batek gutun hori Frantses errepublikak onetsi dezala galdatzen du, baina deklarazio adierazgarri batek osatua. Geroak esanen du zein izanen den zerrenda luzeko azken saio horren arrakasta...

Azken batean, lege bat besterik ez da frantsesetik kanpo Frantziako hizkuntzei osoki emana dena, Deixonne lege delakoa. Irakaskuntza baizik ez du kontuan hartzen eta berrogeita hamar urte baino gehiago ditu. Hizkuntz horien ezagupenerako maratoia ez da oraino bukatua.


Jean-Baptiste Battittu Coyos
Hizkuntzalaria