Albisteak
www.armiarma.com, 2005eko Anton Abbadia saria

Susa argitaletxeak sortutako www.armiarma.com webguneak jasoko du 2005eko Anton Abbadia saria.
Sariaren berri ematerakoan, Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatu Fernando Tapiak azpimarratu du Armiarma.com literaturaren gaineko jakintza eskumen publikoan jartzeko ahalegin handia dela.
Proiektuaren eragile den Estrata Liburuak SLk (Susa argitaletxearen eta Armiarma.com-en atzean dagoen enpresak, alegia) ez du Internet erakusleiho soil gisa edo salmenta gune gisa hartu; aitzitik, hastapenetik paperak irakurleari eman ez diezaiokeen balio erantsi bat eskaintzeko xedez jokatu du sarean.
Proiektuaren jatorrian argitaletxearen jokabidea nabarmendu du Tapiak aurkezpenean: enpresa pribatu bat izan arren, proiektua ez du ikuspen komertzial batera lerratu. Aitzitik, Armiarma.com hasieratik euskal literaturaren ondarea eskumen publikoan jartzeko ahalegin jarraitu eta koherentea izan dela azpimarratu du Fernando Tapiak.
Lan hori egiteko, Armiarma.com-ek unean uneko laguntzaileak eta bitartekoak aurkitu eta kudeatzeko trebetasuna izan du: herri erakundeen diru laguntzak eskuratu, egile nahiz argitaratzaileen eskubide arazoak konpondu, literatur iturri elektronikoak zituztenekin adostasuna lotzea... Egile zuzen izateaz gain, eragile ere izan da.
Aldundiaren ustez, literatur testuak formatu elektronikoan ematearekin batera, sarearen eta eskumen publikoaren ikuspegia ongi landu izan du Armiarma.com-ek. Testuari balio erantsia eman dio beti: digitalizatutako testuen eta hitzen bilatzaile indartsua, literaturaren albo-inguruetako informazio kualifikatua (literatur kritiken hemeroteka, euskal idazleen fitxa elektronikoak eta argazkiak), literatur albisteen hedakuntza (asteroko «emailuak») eta abar.
Oro har, saria jasotzeko merezimenduak laburtuz, Tapiak esan du Armiarma.com bere bost urteko ibilbidean «euskal literatura Gutenberg galaxiatik zibergalaxiara eramateko saio antolatu, zentzuzko eta sendo bakarra» izan dela, ekimen pribatuak sortua, baina ikuspen publiko argiz garatua.
Abbadia saria emanda, orain arteko bost urtetan egindako lana goraipatzeaz gain, etorkizunari buruz Armiarma.com-en langintza indartu nahi izan du Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Abbadia saria 2005eko abenduaren 1ean jasoko du Armiarma.com-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian egingo den ekitaldian.
Argibide gehiago Abbadia sariaren atalean.
