Albisteak
Kultura mundializazioa eta aniztasuna eztabaidan, UNESCOn

UNESCOren Konferentzia Nagusiak, 33. bileran (2005eko urriaren 3tik 21era), kultura adierazpenen aniztasuna babesteko eta sustatzeko hitzarmen aurreproiektua aztertuko du. Azken urteotan, asko landu da hitzarmen aurreproiektu hori, eta nekez adostu. Horren bertsiorik berriena eta hori prestatzeko jarraitutako prozesuari buruzko txosten ofiziala kontsultatzeko aukera dago, UNESCOren 33 C/23 dokumentuan.
Zaila da nazioarteko hitzarmen horrek benetan zer-nolako garrantzia izan dezakeen aurretik jakitea; alabaina, gutxienez, merezi du horri buruzko negoziazio politikoei erreparatzea eta hitzarmen hori onartuz gero izan daitezkeen ondorioak aztertzea: bai nazioartean izan ditzakeen ondorioak, bai estatuen barruko kultura politikoak zehazteko izan ditzakeenak.
Izan ere, kontuan hartu behar ditugu hitzarmen proiektu horren helburuak: alde batetik, nazioarteko merkataritzan kultura zerbitzu eta ondareei buruz dagoen iritzia aldatzea, eta, beste batetik, estatuek beren kultura politiketan horrelako produktuen merkataritza libreari mugak jartzeko duten ahalmenean eragina izatea (6. artikuluan adierazten den legez, neurri horien artean, «jarduera, ondare eta zerbitzu horietan erabilitako hizkuntzari buruzko xedapenak» egon daitezke). Halaber, proiektuaren egungo testuak, kultura gutxiengoak eta kultura autoktonoak aipatzeaz gain, kontuan hartzen du zenbait estatu federal edo ez-unitariotan estatuko botereaz bestelako instantzia politikoek hartu behar dituztela kultura politikoei buruzko erabakiak.
UNESCOn gai horri buruzko eztabaida sustatu duen prozesua 90eko hamarkadan hasi zen, Uruguaiko Rondako negoziazioetan -horiei esker, 1994an, Munduko Merkataritzaren Erakundea (MME) sortu zen-. Negoziazio horien amaieran -hain zuzen, 1993an-, kultura salbuespena kontzeptua sortu zen, azpimarratzeko nazioarteko merkataritzaren liberalizazioa ezin zaiela kultura trukeei bereizi gabe aplikatu. Geroago, kultura ondare eta zerbitzuen espezifikotasunaren aldekoak kultura aniztasuna esamoldea erabiltzen hasi ziren, beraien azalpenak ez zitezen izan desarauketa absolutuaren "normaltasunaren" onespen inplizitua.
Hasieran, Frantziak eta herrialde frankofonoek sustatu zuten kultura espezifikotasunaren defentsa nazioarteko merkatuan (nahiz eta Frantziak barruko kultura aniztasunaren aurkako politika duen). Hala ere, laster, UNESCOk onartu zuen kultura mundializazioak nabarmen aldatzen duela kulturen bilakaera testuingurua -dela gutxiengoen kulturarena, dela nazio kulturarena, nahiz nazioz haraindikoarena-, bai eta kultura horien ekoizpen eta erreprodukzio baliabideak aldatzen dituela ere -eta, beraz, kultura horiek irautea arriskuan jartzen duela ere bai- (Ikus Cultura, creatividad y mercados . Informe mundial sobre la cultura 1998. Paris. UNESCO, 1999). Horrenbestez, 2001. urtearen amaieran, Kultura Aniztasunaren Deklarazio Unibertsala adostu zuen UNESCOk; eta, deklarazio horren 8. artikuluan, kultura ondare eta zerbitzuen oinarria finkatu zuen: «identitatea, balioak eta zentzua adierazten dituztenez, ez dira gainerakoen moduko salgaitzat edo kontsumo ondaretzat hartu behar».
Hitzarmenaren egungo proiektua ontzat emanez gero, printzipio horren ondorio praktikoak indartu egin daitezke, baita kultura fluxuak orekatzeko eta hedapen txikiagoko kulturak sustatzeko helburua duten politikak legezkotzat jo ere. Gure ustez, proiektuko 30. artikulua bereziki interesgarria da; izan ere, estatu ez-unitarioak aipatzen ditu, esplizituki, bai eta Hitzarmenaren xede diren gaietan estatu ez-unitario horiek «osatzen dituzten unitateek -estatuak, lurraldeak, probintziak eta kantoiak- duten eskumena» ere.
Horrenbestez, arretaz erreparatu beharko diegu UNESCOk urrian egingo duen Konferentzia Nagusiaren emaitzei.
Isidor Marí
Universitat Oberta de Catalunya-ko Humanitate Ikasketen zuzendaria
