Albisteak
Euskal testu klasikoen bilduma sarean

Klasikoen Gordailua sortu da Patxi Salaberri Muñoa irakaslearen eta Susa literatur argitaletxearen ekimenez, Armiarma literatur atariaren barne. Euskal literaturako testu klasikoen bilduma sakon eta zehatza da.
Era honetan laburtu dute egileek webgune berriaren edukia:
- Euskal testuak dira gordailuan jaso direnak, ohikoan «klasiko» izendapenarekin ezagutzen ditugunak. Literaturaren alorreko testuak dira gehienak, baina ez bakarrak.
- Euskal literaturako lehen agerpenetatik 1936ko gerrak ezartzen duen mugara arte ekoitzi diren euskarazko literatur testuak biltzeko asmoa du guneak.
- Gordailua da, testu horiek denak batzen dituen tokia delako. Ez gordeta edukitzeko, ordea. Irakurtzeko, erabiltzeko, ezagutzeko testuak dira, eta hala balia daitezen da egileen asmoa.
Klasikoen Gordailuan bi ahaleginen batuketa dago. Euskal Testuen Gordailua, batetik, eta Susa literatur argitaletxea, bestetik. Patxi Salaberri Muñoa idazle eta irakasleak egin eta zuzendu duen, nahiz azken urteetan geldirik izan den, Euskal Testuen Gordailua dago honen oinarrian. Susa literatur argitaletxeak Armiarma literatur atariaren oinarrizko zutabe ikusten zuen euskal literaturako testu klasikoak sarean jartzea, eta asmo bien batzetik sortu da Klasikoen Gordailua. Bien elkarlanetik sortu da, eta hala jarraituko, Susa argitaletxearen ekimenez, Patxi Salaberriren zuzendaritzapean.
Webguneak oso antolamendu egoki eta funtzionala dauka. Bildutako idazlanak eta egileak sailkatuta daude, generoak ere bai, herri literatura zaharrari atal berezi bat eman zaio, egilerik gabeko testu zahar nahiz epigrafikoak atal batean daude bildurik, eta hitz soilen bilatzaile arruntaz gain, corpus arakatzaile indartsu bat erantsi diote. Diseinua eta aurkezpena oso landuak ditu, soiltasun dotore baten barruan.
Bilduman jasotako testuen artean, Gipuzkoako Foru Aldundiak XX. mendearen hasieran emandako bi dokumentu daude:
- Gipuzkoa'ko gurasotzako zezen toki araudia (1925)
- Gipuzkoako Diputazioaren obligazio jaulkipena (1927)
Ikus hemen Klasikoen Gordailua.
