euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Valentzieraz hitz bi

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2005-03-23 / 09:00

Valentzieraz hitz bi

haugen-odd-einar.gif

Zoritxarrez, hizkuntzaren etorkizunerako garrantzirik gutxieneko alderdiak eztabaidatzen dira maizenik. Hizkuntzaren izena, ortografia edo jatorri filologikoa izan ohi dira Valentziar Herriko debatearen gai kutunak. Halakoetan, hizkuntza gatazka konpontzeko bide erabiliena izan ohi da zientziaz baliatzea. Guztiz zalantzagarria iruditzen zait bide hori, hastapen erabat zalantzagarri batetik abiatzen baita: hizkuntza kontzeptu neutro eta unibertsala, enuntziatu zientifiko positiboa dela. Aitzitik, hizkuntzaren nozioak bustidura ideologiko sakona du. Delako hizkuntza batasun hori interes eta gorabehera askoren mende dago.

Einar Haugen-ek zioenez, hizkuntza bat da armada duen dialektoa, eta dialektoa, berriz, armadarik gabeko hizkuntza. Esaldi adierazgarria da, hizkuntzaz gaindiko faktoreak erakusten baititu, baina aldi berean partziala da, ezaugarri bakarrera mugatzen baita: indarra, boterea. Izan ere, hura bezain garrantzi handiko beste faktoreak ahazten ditu. Hizkuntza baten barne dira familiak eta lagun taldeak, liburuak eta aldizkariak, telebistak eta irratiak, eskolak, liburutegiak eta aplikazio nahiz funtzio berriei zabalik dagoen bide-abar bat.

Hizkuntza bat harreman sarea da. Sezesionismoa ez daiteke uler jakintza filologiko urriagatik bakarrik. Ez du soilik zer ikusirik irudipen sentimentaletan oinarritutako kontzientzia esentzialistarekin. Hizkuntza normalkuntzak itxuratzen duen baterakuntza soziala loturik dago egitura psikosoziala ematen dioten faktoreei eta eragileei. Hizkuntza normalkuntza ez da bideragarria izango alderdi sinbolikoen inguruan egindako balizko hitzarmen metafisikoei esker, baizik komunikazio elkar eragintza prozesu bati esker.

Valentziar Herriak ez ditu eratu gizarte moderno batek behar dituen kultur adostasunerako bideak. Gure nortasun urritasuna elkarrekiko komunikazio sareetan, konplizitate sozialetan eta kultur azpiegituretan dago. Valentziar gizarteko atal batzuen arduragabekeriagatik, hizkuntza eta komunikazioa bitarteko indartsuak bilakatu dira, hautes-balio taktiko handikoak, indar politiko eta sozialen artean, gutxienik 1977az geroztik. Irtenbide zientifikoa ez da benetako irtenbidea, guztiz aingerutarra eta asmo onekoa izan arren. Ezinbestekoa da, beraz, hizkuntzari buruzko eztabaidak ez dezan etengabe auzitan jar hizkuntza normalkuntzak berezkoa behar lukeen adostasun soziala.

Behar dugu, horretarako, inflexio-puntu bat hizkuntzari buruzko mintzamoldeen norabidean, alderdi guztietatik gainera. Nire irudiko, guztiok alboratu behar genuke nortasunaren balio metafisikoa. Bazter ditzagun filologiaren zientifikotasun ustezkoari buruzko eztabaida antzuak, bazter ditzagun hizkuntzaren muin aldaezinaren inguruko aldarriak; agian heldu da garaia valentziar jendeen behar material eta komunikaziozkoak arrazoibidez planifikatzen has gaitezen. Jakina, hori zailagoa da kolore bateko nahiz besteko pankarta baten atzean ezkutatzea baino.


Toni Mollá
Kazetaria eta Manual de sociolingüística liburuaren egilea