euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Euskararen kalitateaz

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2004-10-05 / 17:13

Euskararen kalitateaz

kalitatea.gif

Eusko Jaurlaritzak Euskararen kalitatea izeneko lana aurkeztu du Donostian, Kike Amonarrizek, Andoni Egañak eta Joxerra Garziak (argazkian) egin dutena. Aurkezpenean egileek aitortzen dutenez, «kalitateaz ari garenean, arriskurik handiena zer da: hizkuntza kalitatea gramatika hutsetik kontsideratzea».

Euskararen Aholku Batzordearen eskariz egin duten azterketan hiru egileek azaltzen dutenez, hizkuntzaren kalitateak hiru ardatz hartu behar ditu aintzat: mailarik apalenean, zuzentasuna, hau da, ortografian edo gramatikan emanak diren arauak ongi erabiltzea; bigarrenik, jatortasuna, euskal senaren edo usadioaren arabera jokatzea, alegia; eta mailarik gorenean, egokitasuna, edo komunikazio behar bakoitzaren xedearen arabera jokatzea.

Euskaldun gazteek, batez ere hiri giroan, darabilten euskara eskasa edo erdaren interferentziaz betea ere aztertu dute, gertakari horren arrazoien bila. Besteak beste, azken hamarkadatan euskarak hiztun gehiago eta gizarte funtzio ugariago biltze aldera egin dituen urratsak, euskararen batasuna eta modernizazioa, edo euskara mintzabide bakarra duen populaziorik ez izatea, izan daitezke egungo euskararen kalitate kaskarraren iturburu.

Azterkizunez gain, dena dela, hizkuntza politika ikuspegi horretara egokitzeko proposamen eta lan ildo zehatzak ere jasotzen ditu Amonarrizek, Egañak eta Garziak egin duten lanak.