euskaraz · español · english · français  web mapa e-posta  
Hemen zaude:   Mintzola, Ahozkotasunaren Inguruko Zentroa

Albisteak

« Itzuli albisteetara    

2004-05-18 / 11:04

Mintzola, Ahozkotasunaren Inguruko Zentroa

mintzola.gif

Villabonan sortuko da Mintzola izeneko Ahozkotasunaren Inguruko Zentroa, ahozko kultur adierazpideen ikerkuntza eta berrikuntza landuko dituen zentroa. Proiektuan bat egin dute Eusko Jaurlaritzak, Villabonako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Egoitza Subijana izeneko etxean izango du, eta 2005eko urte amaierarako egokitzapen lanak amaitu eta zentroa zabalik izatea espero da.

Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Departamentuko foru diputatu Fernando Tapiak proiektuaren aurkezpenean adierazi zuenez, «kontzientzia garbia izan behar genuke, ahozkotasunaren esparruan euskaldunok erreferentzia nagusia izan gaitezkeela munduan, herrialde aurreratuen artean ahozkotasunari berebiziko garrantzia ematen dion herrialde bakanetakoa garelako».

Mintzola zentroan izango dute egoitza Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak.

Fernando Tapiak argitu zuen erakunde sustatzaileek Mintzola zentroaren zereginaz duten ikuspegia: «Ez genuke gure ahozko tradizioa bertsolaritzara bakarrik mugatu behar, ahoz burutzen diren komunikazio eta kultur agerraldiak asko baitira (kantagintza, antzerkia, irratia...), ahozko adierazpena ikuspegi askotatik azter daitekeen bezala (erretorika, dialektika, psiko-soziologiaeta abar). Hala eta guztiz ere, aitortu beharra dago Euskal Herriko Bertsozale Elkartea izan dela, azken urteotan bereziki, ahozkotasuna modurik egoki eta sistematizatuenean jaso, landu, garatu eta ezagutzera eman duena. Horren lekuko dira Bertsozale Elkarteak 2003ko azaroaren 3tik 7ra Donostian antolatutako Ahozko Inprobisazioa Munduan jardunaldiak, mugarri bat ezarri baitzuten aurrera begira, bi alderdi garrantzitsutan: batetik, euskal ahozko inprobisazioa erreferentzia nagusia da munduan; eta bestetik (eta hauxe da hain zuzen ere proiektuaren bigarren zutoina) ahozko inprobisazioak edo bertsolaritzak alderdi ezberdinen arteko ikerketa eta garapena eskatzen ditu».

Ahozkotasunari buruzko informazio gehiago:
www.bertsozale.com